Yoga integrala ikasteko aukera

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 21a, 09:52

Aurrerantzean, yoga integrala lantzeko aukera ere izango da herrian. Eskaintza hori berria da eta kiroldegiko jardueren baitan eskainiko dute. Amaia Amor soraluzetarra izango da irakaslea. Hark iragarri du yoga integrala aldez aurretik probatzeko ate irekien jardunaldia eskainiko duela. Barikuan da hitzordua, 17:00etan, kiroldegian. 

Ate irekien jardunaldira joateko, esterilla eta jantzi erosoak eramateko eskatu du Amaia Amorrek. 

Yoga integraleko eskolei dagokienez, berriz, oraingoz, astelehenetan eta eguaztenetan, 09:00etatik 10:30era izango dira eta barikutan, 17:00etan. “Ordu eta erdiko eskolak izango dira, lau fasedunak: aktibazioa, suryanamaskar (eguzkiari agurra), asanak (posturak eta arnasketak) eta meditazioa”, esplikatu du yoga irakasleak.

"Behar handia"

Amaia Amor soraluzetarrak bi urte eman ditu yoga integralari dagokion formazioa lantzen, Bilboko yoga integraleko eskolan. Orain, soraluzetarrei diziplina hori ikasteko aukera eskaini nahi die: “Gogoa nuen herriari aukera hori emateko. Uste dut behar handia dagoela, estresarengatik, antsietatearengatik eta oraingo erritmoa apur bat gelditu eta barrura begiratzeko”. 

Yoga integrala zer den galdetuta, berriz, Amorrek esplikatu du hainbat yoga mota uztartzen dituen yoga dela, “bere ikuspuntutik hobeak diren yoga motak uztartzen dituena”. Gaineratu du “mota guztietako pertsonendako” dela aproposa, “yoga pertsonari egokitzen” zaiolako: “Norbaitek ezin badu asana bat egin, egokitu egin daiteke edo beste postura bat egin”. 

Oreka, muskulatura, arnasketak…

Yogak berak dituen onurak ere nabarmendu ditu: “Fisikoki laguntzen du muskulatura indartzen, norbere buruarekin konektatzen, barrura begiratzen, gorputzaren eta buruaren arteko oreka lantzen, gorputzeko koordinazioa ere lantzen da, gorputzaren alineazioa ere bai eta biriketako gaitasuna handitu egiten da”.