Soraluzeko Pilota Taldea trinketean ere hasi da lehian

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 20a, 16:56

Atxotegi-Murua trinketean.

Soraluzeko Pilota Taldeak Gipuzkoako Trinketeko Txapelketan ere lehian hasi da. Soraluzeko taldearen historian, trinketean lehiatzen den lehen aldia da. Lehen partida jokatu dute dagoeneko eta 40-23 irabazi zuen Soraluzeko taldeak.

Pandemiak bultzatuta, txapelketarik apenas dagoenez, Soraluzek Pilota Taldeak erabaki zuen oraingo hau izan zitekeela “trinketea probatzeko momentu ona”, Aitor Atxotegiren esanetan. 

"Ondo joan zen"

Pentsatu eta egin. Gipuzkoako Trinkete Txapelketan izena eman du Soraluzeko taldeak, nagusi mailako 2. mailan eta hasi da jokoan. 

Joan den asteburuan izan zuten estreinaldia. Aitor Atxotegik eta Ander Muruak jokatu zuten lehen partidua Irurako trinketean, emaitza benetan ikusgarriarekin. Izan ere, 40-23 irabazi zuten Hernaniko Lasa-Aldunberri bikotearen kontra. 

“Klubeko inork ez du sekula jokatu trinketean. Aste Santua aprobetxatu genuen hiru entrenamendu egiteko. Baina gure maila zein zen ere ez genekien. Zalantzekin joan ginen eta ondo joan zen”, kontatu du Atxotegik.  

Hark esplikatu duenez, Gipuzkoako Trinkete Txapelketako bigarren mailan hiru ekipo bakarrik daude. Soraluzetarrek bi aste barru dute hurrengo hitzordua, Astigarragakoen kontra. Partidu hori klubeko beste pilotari batzuek jokatuko dute, guztiek probatu nahi dutelako trinketean lehiatzea. 

Partida guztiak Iruran

Txapelketan dauden hiru ekipo horietatik bi finalera iritsiko dira. Maiatza inguruan jokatuko dute finala. Aste honetan, berriz, beste bi taldeek elkarren kontra jokatuko dute, Hernanik eta Astigarragak. Emaitzaren arabera erabakiko da sailkapena.

Atxotegik gaineratu duenez, Irurako trinketean jokatzen dituzte partida guztiak, Gipuzkoan oso herri gutxik dute-eta trinketea; Iruran, Donostian eta Irunen daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.