Mailaz igotzeko playoffa jokatuko du Iñaki Reciok Sanserekin

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 20a, 09:39

“Pozik” dago Iñaki Recio soraluzetarra domekan bere taldeak erdietsitakoarekin. Tudelano taldeari 3-2 irabazi ondoren, mailaz igotzeko playofferako sailkatzea lortu zuen Sanse B taldeak. Orain, playoffetan zein izango duten arerio jakitea falta da. Maiatzaren 10eko astean egingo dute zozketa. Argazkiak: Real Sociedad.

Liga txapelketan lider doa Sanse B taldea. Partidu bat irabaztea nahikoa zuen mailaz igotzeko playoffera sailkatzeko. Eta horrela egin zuen domekan, Iñaki Recio futbolari soraluzetarra bera ere zelaian zela: Sanse B-k 3-2 irabazi zion CD Tudelano talde nafarrari.

Horren ondorioz, maiatzean, bigarren mailara igotzeko playoffa jokatuko du Sanse B-k, euren maila bereko Estatuko beste 16 futbol talderekin batera. Maiatzaren 10eko astean egingo dute zozketa eta maiatzaren 16ko astean jokatuko dute playoffa, “bizpahiru egunetik behin partidu bat”, Iñaki Recio defentsa soraluzetarrak esplikatutakoaren arabera.

Bi partida irabaztea nahikoa

Txuri-urdinek nahikoa izango dute bi partida irabaztea maila igoera ziurtatuta izateko, baina Reciok azpimarratu du hala ere, “zaila” dela: “Ilusio handiarekin jokatuko dugu, baina azkenean bi partida baino ez dira eta irabazi ala galdu, biak gerta daitezke”.

Balizko arerioei dagokienez, berriz, Badajoz eta Ibiza dira, Recioren esanetan, zailenak. “Badajozek, adibidez, partida bakarra galdu du urte guztian”, esplikatu du. 

Kontuak kontu, playoffera sailkatzea bera ere bada garrantzitsua Sanse B taldearentzat; orain lauzpabost urte jokatu zuen azkenengoz playoffa. Ea bada, aurten erakusten ari diren maila onari eustea lortzen dion Xabi Alonsok gidatutako taldeak.