Espainiako txapeldunak!

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 31a, 12:02

Soraluzeko Pilota Taldeko Ander Murua eta Manex Balerdi jokalariek Espainiako pilota txapelketa irabazi dute. Asteburuan, Logroñoko Adarraga pilotalekuan jokatu dituzte finalerdia eta finala, Salamancako Paladin taldearekin eta 2-0 irabazita eskuratu dute txapelketa hura. Gainera, lortu dute hango pilota taldea mailaz igotzea. 

Arrasatearra da Ander Murua aurrelaria; antzuolarra da, berriz, Manex Balerdi atzelaria. Biek jokatzen dute Soraluzeko Pilota Taldearekin. Eta Espainiako txapeldun izendatu berri dira Logroñon. Baina kasu honetan, Salamancako Paladin taldearekin irabazi dute txapelketa pasa berri den asteburuan.

Finala domekan jokatu zuten, San Cosme taldeko Gutierrez errioxarraren eta Ibarloza markinarraren kontra, bi setetara. Emaitza izan zen Murua-Balerdi 10 - 10 Gutierrez-Ibarloza 08 - 03. 

Atzo, martitzena, dagoeneko Araneko frontoian entrenatzen zebiltzan Soraluzeko Pilota Taldeko bi pilotariak. Kontatu zuten biek lehen aldiz parte hartu dutela Espainiako txapelketan. Bada, behin joanda, handia egin du bikoteak. 

Maila ez galtzeko

Berez, urtarrilean hasi zen Espainiako txapelketa, baina Soraluzeko taldekideei txapelketaren bigarren buelta hasi zenean deitu zieten. Hasiera batean, haien asmoa zen ekipoa salbatzea, maila mantentzeko, baina, “emaitza onak iritsi ziren, jokoz-eta ondo genbiltzan eta lortu genuen fase finalera sailkatzea. Finalerdia nahiko erraz atera genuen, finala gehiago kostatu zitzaigun, batik bat lehen seta. 8-3 joan ginen, baina akatsak izan genituen eta 8na jarri ginen, baina gero euren akatsak ere iritsi ziren”, kontatu du Manex Balerdik. 

Ander Muruak eman ditu xehetasunak: “Euren intentzioa zen maila mantentzea. Taldeko azkenak ez gelditzen. Deitu ziguten bikote modura jokatzeko eta Ataungo beste bati eskuzkoa jokatzeko. Hiru jardunalditan lortu genuen sei punturekin salbatzea. Beste partiduak irabaziz gero igoera maila jokatzeko aukera ere zegoen. Hori ere jokatu genuen eta mailaz igotzea lortu dugu. Ekipotako txapelketa da. Jokatzen da banaka eta gero binaka, baina emaitza ekipoaren araberakoa da, globala. Horregatik inportantea da ahalik eta partidu gehien irabaztea, eta, tanteoa. Bi set jokatzen dira, 10era eta biak irabazi genituen”.  

Dominia ezohikoa

Bestalde, txapelketako anekdota modura-edo, Espainiako txapelketa irabaztearren, bi gazteek ez dute txapelik eskuratu; garaikurra domina izan da, berezia, hori bai: “Ni, behintzat, sorprendituta geratu nintzen. Zerbait handiagoa espero genuen eta plastiko zati bat eman ziguten. Hala ere, garaikurrak ez du inportantziarik”, dio Balerdik.

Espainiakoak eginda, entrenatzen segitzen dute bi debagoiendarrek, etorkizunean, pandemiak pandemia, partidu gehiago jokatzeko aukera izango duten esperantzan: “ Oso partidu gutxi ditugu. Orain ea ahalik eta partidu gehien jokatu ahal dugun, eta ea ekainean, uztailean eta abuztuan torneoak jokatzen diren”.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.