Diskriminatuta sentitzen dira

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 27a, 14:04

Gipuzkoako Plataformako hainbat kide, Soraluzen.

Gipuzkoako bestelako udalerri askotan moduan, Soraluzen ere hasi dira mobilizatzen Geroa Pentsioak BGAEan (Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundea) "kaltetutako" herrikideak. Euren gatazka plazaratu dute, Gipuzkoako bestelako kaltetuekin harremanetan jarri dira eta balkoietan banderak jarrita salatu dute euren egoera. Geroako parte diren ELA eta LAB sindikatuek euren ikuspuntuak ere partekatu dituzte.

Gipuzkoako 1.800 herritar inguru gatazkan dabiltza Geroa Pentsioak erakundearekin. Tartean, 11 soraluzetar ere badira, GOLeko, SAPAko eta Irazolako eta Elgoibarko Tximi lantegiko beharginak, kasu honetan.

Herrian, orain dela bi aste hasi ziren mugitzen eta gertu daude euren helburua lortu arte aurrera egiteko.

Guztiek ez dute aukera bera 

Gatazkarako arrazoia da ez daudela ados, behin erretiratuta, Geroa Pentsioaken duten dirua berreskuratzeko erakundearen sistemarekin. Hala esplikatu du protestan diharduen Miguel Angel Cenzualek: "45.120 eurora arteko kopurua baldin baduzu, kapital modura kobratu dezakezu, aldiz, hortik gorako diru-fondoa izanez gero, 20 urtean, hilero 180-200 euroko errenta osagarri modura kobratu daiteke bakarrik. Zergatik diskriminazio hori? Denoi eman beharko ligukete diru hori zelan kobratu erabakitzeko aukera, errenta modura edo kapital modura".   

Zelan berreskuratu

SAPAko behargin izan zen Karlos Jauregik, berriz, salatu du informazio falta sumatu dutela: "Geroa sortu zenean, pentsio plana zela esplikatu zuten baina, gure ustez, ez zegoen zehaztuta, behin erretiratzen ginenean, BGAEn batutako dirua zelan berreskuratuko genuen. Gero, badirudi estatutuak aldatu zituztela eta araudi berri hau sartu zela, 45.120 eurora bitarteko kopuruarena. Gu horrekin diskriminatuta sentitzen gara. Gainera, %35eko karga fiskala dauka. Pentsa hileroko 180-200 euro inguruko errenta osagarritik hori kentzen badute…Kapitala osorik erretiratzen bada ere kentzen dute kopuru bera, baina behin bakarrik. Bizi osoko errentan, urtero kentzen dute”. 

Epaitegietara joko dute 

Hilabete hasieran, Geroak Kaltetutako Plataformako ordezkariekin elkartu ziren soraluzetarrak. Plataforma orain dela urte eta erdi sortu zen eta 1.800 kide inguru ditu.

Haren bultzatzaile Jose Mari Lazkano ere izan zen Soraluzen. Gogor eta argi egin zuen berba: "Azken puntura iritsi gara: epaiketara joatea. Urte eta erdian egon da ez arre eta ez iso. Guretzat gogorra da, baina baita eurentzat ere. Lehen aldiz gertatuko da hemen eta Europan bazkide batzuek, Geroako nagusi batzuek, jartzea epaiketa gurea ere baden enpresari, ze azkenean, Geroa gurea da, gu gara bazkideak".

Azalpenik ez

Lazkanok azpimarratu du eurena bakarrik eskatzen dutela: "Nik diru bat daukat eta nik kudeatu nahi dut, nik nahi dudan moduan erreskatatu. Batzuek ahal dute eta beste batzuek ez. Zergatik? Ez dakit. Askotan galdetu dugu. Estatutuetan jartzen duela diote.. Baina ez dute erantzuten zergatik batzuk bai eta beste batzuk ez". 

Hitzarmen kolektiboetan 

Geroa 1996an sortu zen, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen eta Adegi patronalaren artean adostuta. BGAE horren filosofia da, langileak zein enpresarioak, biek kopuru bereko ekarpena egitea (sektorearen arabera kopurua aldatu egiten da) langilearen etorkizuneko fondoa osatzeko. Hainbat hitzarmen kolektiboren baitan, batez ere, Metalaren hitzarmenean de facto dago sartuta. 

Pil-pilean behin eta berriz ahalegindu da Geroa erakundearen ikuspuntua eskuratzen, baina ez du inolako erantzunik eskuratu. 
ELA eta LAB sindikatuek, berriz, partekatu dituzte iritziak.

ELA: "Aldeko apustua" 

Geroako batzordeko Joseba Villareal ELAko kideak BGAEren filosofia defendatu du: "Geroaren helburua sorreratik argi dago. Duen filosofiaren aldeko apustua egiten dugu eta ez dugu polemikarako asmorik ezta gogorik ere". 

LAB: "Indibidualizatu egin da" 

Geroako batzordekide den LABeko Zorion Ortigosak, berriz, Geroak duen izaera kolektiboa azpimarratu du "negoziazio kolektibotik” baitator BGAE hori. “Duen zentzua da patronalari kentzen zaion aberastasunaren zati bat dela”. Bestalde, gogora ekarri du sorreran helburua “pentsioak osagarritzea” zela. Beraz, bere ustez, Geroako “benetako kaltetuak” dira “pentsio duinera iristen ez diren milaka eta milaka langile horiek”. Horrez gain, Geroaren bilakaerarekiko kezka partekatu du. “Indibidualizatu” egin da, batik bat, 2014ko aldaketa batengatik: “Lehen, langile bat hiltzen bazen bere fondoan pilatutako kopuru osoa kobratu baino lehen, “soberakina” ez zuen inork kobratzen. Baina era berean, luzaroago bizi zirenek aukera zuten bizi osoan kobratzeko, nahiz eta euren fondoa lehenago agortu. 2014tik, norbait hiltzen bada, oinordekoek kobratzen dute fondoaren gerakina. Aldaketa horrek ekarri zuen Geroa elkartasun mekanismo modura ulertu beharrean, fondo indibidual modura ulertzea. Gu kontra azaldu ginen. Bakarrak izan ginen. Orain pentsamendua honakoa da: Nik 40.000 euro sartu ditut eta nireak dira. Nik edo nire oinordekoek kobratuko dute. Lehenagoko ereduan dirua ez zen norberarena. Bestalde, tramuaren kalkulua aldatu egin zen (fondoa zelan kobratu aukeratzeko). Filosofia zen diru kopuru minimora ailegatzen ez zenari fondoa kapital modura kobratzeko aukera ematea, berez, errenta oso baxua sortzen zelako. Aldaketarekin, dirua pertsonalizatu egin zen. Mahai gainean goxokia jarri zuten: dirua kapital moduan dena batera kobratzeko aukera, diru kopuru baxuagoarekin”.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.