Realeko ordezkariak Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 23a, 09:05
Mitxel Loinaz, Joseba Ibarburu, Iker Aldazabal eta Aitor Diaz de Mendibil, banderari eusten.

Atzo, astelehena, Realeko autobusa Zubi Nagusian azaldu zen. Udaletxean jartzeko bandera txuri-urdina eta Realeko posterrak ekarri zituzten, opari emateko. “Ikuslerik ezin denez partidara bertaratu, herritarrengana gerturatzen gabiltza, herriz herri”.

Atzo, Soraluzen izan ziren Realeko Administrazio-kontseiluko presidente-orde Joseba Ibarburu, Aitor Diaz de Mendibil kontseiluko kidea eta Eibarko jokalari ohia, Mitxel Loinaz jokalari ohia eta Hasier Leitza Realeko marketing sailekoa. 

Egunotan, Gipuzkoako herri guztiak bisitatzen ari dira, apirilaren 3an Realak eta Athleticek jokatuko duten Errege Kopako final historikoa dela-eta. “Ikuslerik ezin denez partidara bertaratu, herritarrengana gerturatzen gabiltza, herriz herri. 5-10 minutu egiten dugu herri bakoitzean eta ez dugu abisatzen, pandemia dela-eta. Baina helburua da herrietara gerturatzea”, kontatu du Aitor Diaz de Mendibilek.

Hori lortzeko, Realaren bandera ekarri dute eta Iker Aldazabal alkateari eman diote, udaletxean ipin dezan. Hark eskerronez hartu du oparia, aitortuz, hori bai, ez dela oso futbol-zalea. Hala ere, esan du apirilaren 1ean zintzilikatuko duela udaletxeko balkoian.