Mailaz igo dira gomazko paletako pilotariak

Erredakzioa 2021ko mar. 17a, 14:03

Joseba Etxeberria Jon Gallastegirekin.

"Pozik” daude pilota elkartean, gomazko paletako pilotari Jurgi Rasconek, Asier Fernandezek eta Gorka Santamariak hirugarren mailatik bigarren mailara igotzea lortu baitute. Gainera, gomazko paletan, ligaxkako finalerdiko partidua jokatuko dute barikuan.

Joan den asteburuan partida irabazi zutenez, etzi, barikua, gomazko paletan finalerdia jokatuko dute Jurgi Rascon, Asier Fernandez eta Gorka Santamaria pilotariek, Arane kiroldegian.

Anoetako bikotea izango dute aurrez aurre eta partida gogorra izango dela aurreikusten dute, “ligaxkan ondoen ibili direnak geratu direnez, lehia gogorra izango dela uste dugu” dio Aitor Atxotegi pilota elkarteko ordezkariak.

Gogoan izan, pandemia dela-eta ezin dela ikuslerik bertaratu frontoira. 

Joan-etorriko lehia da gomazko paletarena , beraz, hurrengo astean, Anoetan jokatzea tokatuko litzaieke.

Bestalde, gomazko paletan mailaz igotzea lortu dute aipatutako hiru jokalariek. Hori horrela, datorren urtean, Soraluzeko bi bikote izango dira bigarren mailan. 

Izan ere, Joseba Erxeberria eta Jon Gallastegi bigarren mailan zegoen bikoteak mailari eustea lortu dute.  "Hirugarren mailara jaisteko promozioa jokatu zuten eta lortu zuten mailari eustea" esplikatu du Atxotegik. "Helburuak lortuta, pozik gaude alde horretatik", gaineratu du hark.

Azken partidua

Barikuan, gomazko paletako partidaz gainera, eskuz banakakoa ere izango da. Lau t’erdian kadete mailan Mikel Caramanzanak ligaxkako azken partidua jokatuko du. Irabaziz gero, kanporaketa fasera sailkatuko da. Donostiako Uranga pilotariaren kontra du lehia.

Eskuz binakako jokalariei dagokienez, lehen mailako bikotea bigarrenarekin puntutan berdinduta geratu zen, baina tanteoa kontra zutenez, ezin izan ziren finalerdietara sailkatu. Ondorioz, ez dute aukerarik izan Ohorezko mailara igotzeko.