Baloreak lantzea da prebentzio neurririk aproposena

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 17a, 10:04
Iñigo Zaballos psikologoa hitzaldia ematen.

Atzo, martitzena, mugikorraren erabileraren argi-ilunak mahai-gaineratu ziren antzokian, teknologia berriei buruzko hitzaldi-zikloaren hirugarren hitzorduan. Hitzaldia eskaini zuen psikologo-adituak azpimarratu zuen mugikorraren erabileran, “den-dena” ez dela “txarra”, baina gaineratu zuen beharrezkoa dela umeei eta gazteei erabilera gomendio batzuk ematea. Oro har, gomendio nagusia da seme-alabekin “egunero baloreak lantzea: nortasuna eta errespetua, norberarenganako, besteekiko, itxura eta forma guztiekiko errespetua”. 

Seme-alabek eta nerabeek mugikorraren erabilera zuhurra eta zentzuduna egin dezaten nahi duenak, umeen arduradun diren guraso edo heldu horiek arduratu beharko dira zeregin horretaz. Ez dago besterik. Atzo, martitzena, halaxe azpimarratu zuen Pantallas Amigas enpresako Iñigo Zaballos neuro-psikologoak. 

Hark esan zuen erabateko segurtasuna bakarrik lor daitekeela mugikorrak eta bestelako pantailak ukatuta. Halaber, Zaballosen ustez, gailu bat ematerakoan, ume edo nerabe horren heldutasun maila kontuan hartu behar da. Hortik aparte, 14 urtetik gora da norbera norbere irudiaren jabe.

Emozioak entrenatu

Baina hori egin ezean, umeak babesteko dagoen bide bakarra dela baloreetan heztea: “Egunero landu behar dira haiekin baloreak eta heziketa emozionalagoa eman behar diegu. Euren buruei galde diezaioten: Nola sentituko naiz egoera honetan? Hartara, akaso bi bider pentsatuko dute zerbait egin aurretik (…) Emozioen kontua etengabe landu behar da, emozioak indartsuak direnean (haserrea, tristura, poza, nazka, beldurra edo sorpresa dira emozio primarioak) ez baititugu gauzak modu arrazionalean egiten eta teknologiaren munduan gauzak pentsatzeko denbora gutxi izaten da. Emozioak ez direnean kontrolatzen, errazagoa da hanka sartzea (…) Giharrak moduan, emozioak ere entrenatu egiten dira. Beraz, oinarrizkoa da baloreak etengabe lantzea”. 

Adina mugatuta

Osterantzean, gogora ekarri zuen sare sozialak, adibidez, 16 urtetik gorakoentzat direla, WhatsApp eta Tik-Tok, besteak beste. “Hori zerbaitengatik izango da”, esan zuen. “Umeek ezin dituzte sare sozialak erabili inolako kontrol gabe”, azpimarratu zuen. 

Nerabeei dagokienez, berriz, Zaballosek adierazi zuen sare sozialek komunikatzeko aukera ematen dutela eta gizakiaren izaera soziala den heinetik normala dela haiek erabiltzea, batik bat, nerabeek, haientzat lagunak baitira inportanteena. Baina kontuz ibili beharra dutela, besteak beste, Interneten estimulu oso errazak baitaude: like-ak, komentario lausengarriak…

Neuro-psikologoak gogora ekarri zuen bideo-jokoetan ere badaudela zehaztuta adinak eta horretarako ere badirela arrazoiak. Izan daiteke jokoaren zailtasunarengatik, hitz itsusiak esaten direlako, txateatzeko eta ondorioz, ezezagunekin berba egiteko bidea ematen dutelako edo arriskutsuak direlako. 

Pentsamendu kritikoa

Mugikorren edo bideo-jokoen larregiko erabilerari buruz, berriz, esan zuen norbait halakoen mende dagoela atzematen dela horrek egunerokotasunarekin lotutako zereginak egitea eragozten dionean. Adibidez, jolasten ari delako afaltzeaz ahazten bada, etxeko zereginak egiten ez baditu edo eskolako lanak egiten ez baditu. Hori bai, gaineratu zuen ez dela nahastu behar “zaletasuna zerbaiten mende egotearekin. Baina mugak/baldintzak ipini egin behar dira. Normalean umeak/nerabeak egingo du egiten lagatzen zaiona”. 

Eta besteak beste, baloreen heziketaz gainera, bestelako gomendio orokorren artean, lau nabarmendu zituen:

  • 1- Premisa orokora da zenbat eta gutxiago hobeto. 
  • 2- Interneteko eta gailu teknologikoetako segurtasunarekiko pentsamendu kritikoa izan beharra dago. “Pantailan azaltzen dena ez da zertan izan behar benetan atzean dagoena. Halakoak ahalik eta gehien ziurtatzen saiatu behar gara: esaten duena horixe dela”.
  • 3- “Kontuan hartu erabiltzen diren plataformak (Facebook…) demasekoak direla. Dirua irabazten dute gure datuak enpresei saltzearren”.
  • 4- Mugikorraren erabilera dago sartuta trastorno psikiatrikoen manualean.