Atzo, martitzena, harrituta eta beldurtuta geratu ziren zibersegurtasunaren gaineko lehen jardunaldira bertaratu ziren guraso gehienak hitzaldian entzundakoarekin. Izan ere, Aida Arroyo psikologoak argi azaldu zuen zein erraza den, Internetera igotzen den materiala baliatuta (argazkiak, datuak, informazioa…), norberari edo norberaren senideei buruzko datuak eskuratzea eta haiek erabiltzea, askotan, kaltegarriak izan litezkeen interesekin.
Psikologoak gogora ekarri zuen behin Internetera argazki/bideoa bat igota, hura betiko geldituko dela sarean, nahiz eta gero borratzen ahalegindu. Argazki hori, gainera, etiketatu egiten dute eta askotan, argazkiak erakusten dituen datuak helburu komertzialetarako edo bestelakoetarako erabiltzen dituzte.
Orain igotakoak gero kaltegarri
Gaur egun adibidez, lanpostu baterako aukeraketan, ohiko curriculumarekin edo profilarekin batera, oso kontuan hartzen dira Interneteko profilak. Sarri, halakoetan antzinako argazkiak edo bideoak azaltzen dira, umetan edo gaztetan igotakoak. Bere momentuan barregarriak izan litezkeen horiek gerora kaltegarri bilaka daitezkeela ohartarazi zuen Arroyok. “Orain igotzen diren argazkiek ondorio negatiboak izan ditzakete umeendako 20-30 urte barru”, esan zuen.
Eskolak, Udalak eta guraso elkarteak antolatutako jardunaldi hauek, batik bat, umeen zeibersegurtasuna zaintzeari buruzkoak izanik, adinez txikikoekin lotutako edukiak landu ziren gehien.
Zentzu horretan, azpimarratu zuen gure erantzukizuna dela aplikazioei ematen dizkiegun baimenak kontrolatzea. Adibidez, Google uneoro ari da gu entzuten, baldin eta ez badiogu mikrofonoaren erabilera ukatzen.
Gomendio zerrenda
Beste adibide bat: umeek Tik-Tokera bideo bat igotzen dutenean, atzean dagoen guztia erakusten dute. Kasu askotan etxean grabatzen dute eta erakusten dituzte familia-argazkiak, etxe hori zelakoa den, ze liburu dauden… hortik izugarrizko informazio piloa eskura ditzakete gaizkileek.
Hori horrela, hainbat gomendio helarazi zituen:
- Garrantzitsuena: umeei entzun egin behar zaie, eurekin berba egin. Umeei entzun ezean, gerora, arazoren bat dutenean, ez dute ezer kontatuko.
- Gurasoak dira umeek erabiltzen dituzten aplikazioei ematen zaien baimenen erantzule.
- Zaindu pribatutasuna.
- Konfigurazioak kudeatu.
- Umeek zein App erabiltzen duten jakitea komeni da.
- Begiratu behar da umeek zer egiten duten Interneten.
- Euren posta elektronikoa zaindu egin behar da.
- Umeek jakin behar dute ezin dutela ezezagunekin harremanik izan sare sozialetan (“gazteen %38ak ezezagunen batekin zitaren bat izan du”, kontatu zuen Arroyok adibide modura).
- Ezezagunekin jolastea eskatzen duten bideo-jokoetan, ezezagun horrekin bakarrik berba egin behar dute jokoari buruz (Play-Stationa hackeatzea oso-oso erraza da. Adibidez, bakarrik esanda gipuzkoarra dela, hackerrak jakin dezake ume hori non bizi den).
- Begiratu umeek ze jolas eta nondik jaisten duten. Ze dohaineko jolasak edo troleatzekoak eskuratzeko, ezagutzen ez dituzten Appak jaisten dituzte. Adibidez, badaude App batzuk gai direnak umearen kamera nahi dutenean pizteko. Hori horrela, Store ofizialez aparte, fidagarriak dira beste bi leku hauek gomendatu zituen: F-Droid eta Aurora Store.
- Pantaila baten atzean ausartak bihurtzen gara, baita umeak ere, onerako eta txarrerako; oso erraza da, adibidez, gezurrak zein gauza txarrak esatea.
- Umea erasotua izan daitekeen moduan, umea erasotzailea izan daitekeela ere kontuan hartu behar da.
- Gurasoak dira seme-alaben ispilu. Beraz, gurasoak eredu izan behar dira.
- WhatsApp ez da aplikazio fidagarria material sentsiblea bidaltzeko. Horretarako, Telegram askoz ere fidagarriagoa da.
- Kontuan hartu pornografia esku-eskura dagoela, baita umeendako ere. Gaur egun, gehien ikusten diren bideo-pornoak hiru motakoak dira: 1- Bortxaketak; 2- Aita-alabarekin eta 3- Sexu erreala erakusten dutenak. 11-12 urterekin, ume ia guztiek aurkitu edo ikusi dute pornoa pantailetan, nahiz eta nahi gabe iritsi horra.
Instalatu antimalwarea edozein gailutan.
Atzokoa, zibersegurtasuna lantzeko euskarazko lehen saioa izan zen. Oso guraso gutxi bertaratu zen: 14 bat. Gaur, gai bera landuko dute, gaztelaniaz. Eta bigarren eta azken saioa martxoaren 16an eta 17an landuko dute, hori ere euskaraz eta gaztelaniaz.