Elkarrizketa

“Itsasoak asko lasaitzen nau” Markel Albisua

Egoitz Unamuno 2021ko mar. 11a, 14:00

Markel Albisua surfzale amorratua da eta ahal duen guztietan joaten da itsasora, itsasoak lasaitasuna ematen diolako. Pandemiaren aurretik, munduan zeharreko bidaia hasi zuen, Asia eta Hego Amerikan barrena, bertako olatuak probatu asmoz. Baina COVID-19a iritsi eta etxera bueltatu behar izan zuen. Harrezkero, are gehiago estimatzen du Debako Sorginetxeko olatua.  

Zer dauka surfak hainbeste engantxatzeko?

Mendira zoazenean naturarekin harreman estua sentitzen duzun bezala, itsasoan ere berdin gertatzen da. Lasaitasun puntu bat lortzen duzu, adrenalina, euforia… Dena batera. Itsasoan egoteak asko lasaitzen nau eta nire eguneroko bizitzarako ondo datorkidan zerbait da. Ni nahiko urduria naiz eta asko laguntzen dit. Eibartar, elgoibartar, debarrez eta plazentziarrez osatutako talde bat daukagu eta elkarrekin joaten gara surfera. Nora joan erabakitzen dugu, uretan batak besteari laguntzen diogu, olatu onen bila joaten gara... Eta uretatik kanpo ere gelditzen gara.

Azken urteotan badago boom moduko bat.

Bai, komunikabideetan bonbo asko eman zaio; lehen surfa egiten zutenek jarraitzen dutelako eta berriak datozelako ere izan daiteke. Surf eskolak ere ugaritu egin dira eta urtero jende gehiagok iaksten du. 60 urtekoak surf egiten jarraitzen dute eta gazteak ere sartzen doazela ikusten da. Gaur egun Debara zoaz eta hamabi urteko mutil bat eskolara joan aurretik uretan dagoela ikusten duzu. Hamabi urtetik berrogeita hamarrera pentsa zenbat jende dabilen.

Zu noiz hasi zinen surfean?

Hamabi urterekin edo hasi nintzen surfean. Kirol asko probatu ditut, baina surfa da benetan engantxatu nauena. Bizitza osoan udako oporrak Zarautzen pasatu izan ditugu eta txikitan asko ibiltzen ginen bodyboardean. Gero ikastaro bat egin nuen Zarauzko surf eskolan Gallorekin, orain munduko txapelketa irabazi duen surflariarekin, eta gero ya nire surf taularekin hasi nintzen.

Zein izan dira zure erreferenteak?

Mundu mailan Kelly Sleiter, John John Flores… Euskal Herri mailan Eneko Acero, Haritz Aranburu… Gustatzen zait horien bideoak ikustea, asko ikasten da bideoak ikusita: birak zela eman, begirada…  Sare sozialetan asko daude. Baina gero eta muturrerago eroaten da dena. Olatu handiagoak, tubo handiagoak, aereo hobeak…

Zuk leku askotako olatuak ezagutu dituzu.

Bai, Euskal Herriko olatu gehienak probatu ditut eta Kantabrian, Asturiasen, Galizian, Portugalen… ere izan naiz. Landetara ere asko joaten gara olatu oso onak daudelako. Marokora ere joan naiz eta azken urteetan Indonesian, Filipinetan, Nikaragua, Panama eta Costa Rican egon naiz. 

Zein izan da gehiena gustatu zaizuna?

Indonesia. Surfaren paradisua da. Bertako jendea, klima, ur beroa… Olatu oso onak daude, merkea da, gauza asko dago ikusteko… Berriz ere joango nintzateke, bai.
Gero, pandemia etorri zen eta etxera bueltatu behar izan zenuten. Bai, 2019ko irailean atera ginen bidaian, munduan zehar urtebete sabatikoa pasatzeko asmoz. Hasteko Asia aldera joan ginen. Lehenengo Malaysiara, gero Indonesiara eta handik Filipinetara. Gabonetan etxera etorri ginen. Urtarrilean Hego Ameriketara joan ginen eta Panaman, Costa Rican eta Nikaraguan aritu nintzen surfean. Gero pandemia etorri zen eta martxoaren amaieran etxera bueltatu ginen. 

Zela daroazu pandemia garaia?

Iaz, martxoaren amaieran bueltatu ginen etxera. Nikaraguan egun guztian uretan egotetik bi hilabete etxean egotera igaro nintzen. Golpe handia izan zen. Gero, berriz baimendu zuten momentuan, itsasora bueltatu nintzen. Urrian berriz konfinatu gintuzten herrietan; orduan, abendu amaierara arte, Debako lagun batzuen baserrira bizitzera joatea erabaki nuen. Egia esateko, merezi izan zuen, hilabete horietan sekulako olatuak izan ziren. Orain, suertez, federatuta gaudenok aukera daukagu ohiko hondartzara joateko, gorriz egon ezean. Gure kasuan, Debara. 

Erlazionatuak

Markel surfean

Egoitz Unamuno 2021 mar 11 Soraluze