Neurriak arintzeko aurreikuspena

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 4a, 12:13

Gaur, eguena, EAEko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzorde teknikoak batzarra egingo du eta bihar, berriz, LABIren aholkularitzak. Bigarren bilera horretan erabakiko dute orain arteko neurri murriztaileek bere horretan segituko duten ala arindu egingo diren. Jaurlaritzaren Bizi Berri III planaren arabera, neurriak arindu egingo dituzte, baina EAEko mugak zabaldu barik. 

Josu Erkoreka lehendakari-orde eta Segurtasun sailburuak Radio Euskadin egindako adierazpenen arabera, litekeena da orain arte ezarritako neurri murriztaileak arintzea. biharko LABIren aholkularitzak horrela erabakita. 

Talde handiagoak, itxiera perimetralik ez

Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Bizi Berri III planaren arabera, pandemiaren intzidentzia jaitsi ahala, neurri murriztaileak arindu egingo dituzte. Besteak beste, orain arteko lauko taldeak seikoak izatera pasa daitezke; udalerrien arteko itxiera perimetrala desaktibatu egin daiteke eta baita lurralde historikoen artekoa ere. Ez, ordea, erkidegoen artekoa. 

Neurri arintzaile horiek indarrean sartuko dira inzidentzia-tasa metatuta 150-300 artekoa baldin bada. Atzoko datuen arabera, 243,85 da EAEko intzidentzia-tasa metatuta. Edozelan ere, biharko LABIren aholkularitzak izango du azken berba. 

Bestalde, bertan den Aste Santuari begira Erkorekak aditzera eman zuen ez zuela aurreikusten erkidegoko mugak zabalduko direnik.