Umeendako boxeo eskolak

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 1a, 09:33

Ixa Rodriguez boxeo irakasleak jakinarazi du aurrerantzean umeei zuzendutako boxeo eskolak eskainiko dituela herrian. 7-13 urte bitarteko umeei zuzendutako eskaintza da. Astean birritan emango ditu haiendako eskolak: martitzenetan eta eguenetan. Boxeolariak azpimarratu du kontaktu bako jarduerak izango direla.

Martitzenetan eta eguenetan, 17:00etatik 17:45ak bitartean izango dira Ixa Rodriguezek emango dituen umeendako boxeo eskolak, kiroldegian. Umeek bi egunak ala bakarra aukeratu ahal izango dute, nahieran.

Rodriguezek azpimarratu duenez, asmoa da umeei erakustea boxeoarekin lotutako teknikak eta jolasak, oreka, koordinazioa, indarra… Baina edozein kasutan, kontaktu bako eskolak emango dituela. 

Interesa duenak honako telefono zenbakian eman dezake izena: 676 86 69 22.

Herrian eta ingurukoetan

Ixa Rodriguez boxeolari profesionala izateaz aparte, boxeo irakaslea ere bada. Sorabox izeneko boxeo kluba dauka Soraluzen eta herrian bertan zein inguruko bestelako batzuetan eskaintzen ditu boxeo eskolak, gazteendako, helduendako, emakumeendako zein nagusiendako. Azkenaldian, adibidez, herrian jarduteaz aparte, Arrasateko Emakume Txokoan eta Gaztetxean ere badihardu eskolak ematen.