Domekan, pilota partidak

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 27a, 09:28
Urtarrilean jokatutako partida.

Bihar, domeka, Gipuzkoako Pilota Txapelketako partidak jokatuko dituzte Arane kiroldegian. 10:00etan, Lau t,erdikoa jokatuko dute kadeteek eta haien ondoren, gomazko paleta nagusiko partidua izango da. Bestalde, abiarazi dute, berriro ere, Pilota Eskolako jarduna.

Pandemia dela-eta, horrenbeste etenaldiren ondorioz atzeratutako pilota partidak jokatzen hasiko dira asteburuan. Horien artean bi Soraluzen, domekan.

Batetik, 10:00etan, Gipuzkoako Lau t,erdiko partidua jokatuko dute, kadete mailan. Mikel Caramanzanak Sestoako Agirre izango du aurrez aurre. 

Bestetik, gomazko pilotan, nagusietan bigarren mailako Gallastegi-Etxeberriaren eta Real Sociedad Klubeko jokalarien arteko partida izango da.  

Pilota Eskolan 50 ume

Bestalde, otsailaren 19az geroztik, abian dira, berriro ere, Pilota Eskolako entrenamenduak. Iazko lehen konfinamenduaz geroztik, etenda izan da eskola mailakoen pilota jarduna, begirale faltagatik. Orain, lau-bost guraso konprometitu egin dira Pilota Eskolan parte hartzera. Horri esker, berriro ekin diete entrenamenduei, Aitor Atxotegi arduradun dela.

Entrenamenduak astean birritan egiten dituzte ia guztiek: nagusiek, federatuek, paletakoek eta umeek. 

Pandemiak ezarritako mugen ondorioz, ordubeteko saioak barik, 45 minutuko txandak dira oraingoak, denak musukoarekin. 

50 ume pasa dabiltza Pilota Eskolan; federatuak, berriz, 12 dira, eskuz eta paletan.