Gaurko elkarretaratzearen bitartez, pandemiaren aitzakian espetxeetan ezarritako “neurriz kanpoko” baldintzak salatuko dituzte: “Itxiera perimetralak egon dira, bertan behera utzi dira familiako komunikazioak eta bisitak mintzalekuan. Badira hilabete asko Frantzian eta Espainian preso dauden zuzeneko senideak ikusten ez dituzten adingabeak; etsi egin duten adineko senideak”.
Halaber, salatu dute espetxeak itxi dituztela aintzat hartu barik “barruko kutsadura-maila”. Diote “presoak arrisku-taldean” daudela eta oraindik ez dituztela ezarri “haien osasuna ahalik eta gehien babesteko neurriak, hala nola, kalitatezko musukoak emanez”.
10 presok 70 urte pasa
Oro har, “NBEk, OMEk eta Europako Kontseiluak gomendatu bezala” Sarek uste du egoera asko hobetuko litzatekeela “preso asko, osasunerako eta bizitzarako duten eskubideagatik, libre utziko balira”. Hainbaten egoera ekarri du gogora:
• Estatu espainiarrean 60 euskal presok bete dute jada kondenaren laurdena.
• Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 preso daude.
• 10 euskal presok 70 urte edo gehiago dituzte eta beste zortzi presok 65 urte baino gehiago.
• 53 preso espetxean daude duela 20 urtetik edo gehiagotik.