Soraluze-Maltzaga bidegorriak zailtasun “tekniko” handiak ditu

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 12a, 08:49

Atzo, eguena, Rafaela Romero diputatuaren bisitan, Soraluze eta Maltzaga arteko bidegorria ere hizpide izan zuten ordezkari politikoek. Izan ere, Mugikortasun diputatuak azpimarratu zuen sailaren politika orokorraren baitan, Gipuzkoako bidegorriak bukatzen” lagundu” nahi dutela. Iker Aldazabal alkateak aukera aprobetxatu zuen Soraluzeko eta Maltzagako bidegorrien arteko lotura eskatzeko. 

Atzo, Soraluzen zela, Rafaela Romero diputatu sozialistak azpimarratu zuen mugikortasun jasangarriaren bi zutoinak direla bata garraio publikoa eta bestea oinezkoendako eta txirrindulariendako mugikortasuna; eta gaineratu zuen azken horren baitan berak gidatzen duen sailetik bidegorriak bukatzen “lagundu” nahi dutela. 

Hura entzutean, bizkor ibili zen Iker Aldazabal alkatea eta gogora ekarri zion “aldarrikapen historikoa” dela Debagoiena eta Debabarrena lotuko dituen bidegorria eta horretarako bakarrik falta dela Soraluzeko bidegorritik Maltzagarainoko lotunea. 

Hasteko eskaria

Azaldu zuen badakiela “obra konplikatua” dela baina Romerori helarazi zion zion “bidegorri horren ibilbidea aztertzen hasi” beharra: “Guretzat apustu garrantzitsua da. Hiru alderdion (EAJ, EH Bildu, PSE-EE) kanpainako aldarrikapenetako bat horixe zen. Nik eskaria jaurtitzen dut pausoak ematen hasteko, nahiz eta jakin obra konplikatu eta garestia dela. Baliabideak lortzen ahalegindu behar gara, epe ertain motzera konektibitate hori errealitatea izan dadin”.

Rafaela Romerok erantzun zion, besteak beste, bidegorri zati hori egitearen zailtasuna ekonomikoa baino teknikoa dela. Hala ere, gaineratu zuen ez diotela “uko egingo konexio hori egiteari eta aukera teknikoki aztertzeari”.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.