SAPA birgaitzeko proiektuari babesa erakutsi dio Romero diputatuak

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 11a, 17:47

Gaur goizean, eguena, Rafaela Romero diputatua Soraluzen izan da, besteak beste, SAPA ingurua bisitatzen. 32.000 euroko laguntza eman du bere ardurapekoa den Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako sailak, SAPAren hasierako eraikina aisialdi-gune bilakatzeko proiekturako. Laguntza horren garrantzia azpimarratu du diputatuak berak, “pertsonetan oinarritutako hiri-eredu baten oinarriak ezartzen dituelako”.  

 

Kontzejupean elkartu eta udaletxeko osoko bilkuren aretora jo dute Diputazioko ordezkariek -Rafaela Romero diputatuak eta Miguel Angel Crespo Antolaketa zuzendariak-, Soraluzeko Udaleko ordezkari politikoek lagunduta -Iker Aldazabal (EAJ), Patricia Borinaga (PSE-EE) eta Unai Larreategi (EH Bildu). 

Bertan, jasotako dirulaguntzarengatik eskerrak eman ondoren, Iker Aldazabal alkateak diputatuari esplikatu dio 2019tik Udalaren jabetzakoa den SAPAren hasierako eraikinean estalitako aisialdi-gune bat egin nahi dutela eta Diputazioaren dirulaguntza horren bitartez, batetik, aztertuko dutela hango lurzoruaren kalitatea, kutsadura maila zehazteko eta bestetik, pabiloiaren eraisketa edo zaharberritze proiektua landuko dutela. 

"Elkarlanean segitu beharra dago"

Aldazabalek azpimarratu du oraingo hau SAPA ingurua birgaitzeko aurrerapauso bat dela baina gaineratu du orain hasitako elkarlan horrek “jarraipena” izan behar duela etorkizunean, eremu hori soraluzetarrendako izan dadin: “SAPA, zoritxarrez, oso narriatuta dago, zatika jausten ari da eta elkarlanean segitu beharra dago, ingurua birgaitzeko”. 

Rafaela Romero diputatuak adierazi du, Mugikortasun Sailaren ikuspuntutik ere, Soraluzen egingo den jarduera oso inportantea dela, “Gipuzkoa lurralde orekatua, iraunkorra eta etorkizunekoa izan dadin lortzeko, Gipuzkoan hiri agenda sartzeko lerro estrategikoaren” baitan: “Aktuazio honek, eremu bat birgaitzeaz aparte, soraluzetarren bizi-kalitatea hobetzeko eta euren aisialdirako eremu bat jartzen du euren eskura, eremu hori berreskuratu egiten du. Halako espazioak sortu nahi ditugu; lurzoru pribatuak berreskuratu, saneatu eta atzera ere publiko bilakatu, bizitza berri bat emateko espazio horiei”. 

Lurralde Antolaketako diputatuak esplikatu du Gipuzkoan, 2020 aurrekontuaren baitan egin duten hiru inbertsioetako bat dela Soraluzekoa. 

Kanoi Fabrika "seinalatuta"

Horrekin batera, Romerok jakinarazi du euren departamentuan diagnostikoa egin dutela “Gipuzkoan jarduera industrialarengatik bereziki narriatuta dauden eta birgaitzeko aukera duten eremuei buruzkoa”, Kanoi Fabrika diagnostiko horretan “seinalatuta” dagoela eta etorkizuneko jardueretarako “kontuan dutela”. Halaber, gaineratu du datorren aurrekontuetan Udalei zuzendutako 200.000 euroko partida izango dela, narriatutako eremuak birgaitzeko laguntza modura. 

Oro har, Romero diputatuak “hirigintza jasangarriaren” aldeko mezua helarazi du, “orekatua, inklusiboa, parekidea eta kohesionatzailea, lurraldearen ordenazioaren ikuspuntutik, pertsonak eta haien zaintza erdigunean” izango dituena. Eta beste helburu bat ere mahai-gaineratu du: “Udalei lagundu, sasoi latza pasatzen ari zarete-eta”. 

"Beharrezko heldulekuetako bat"

Unai Larreategi EH Bilduko bozeramaleak, laguntza eskertu du baina gaineratu du “kosta” egiten dela Soraluzerako baliabideak lortzea. Gogora ekarri du “SAPA moduko” eremu gehiago badaudela herrian, “asko dago egin barik”, esan du. Eta honakoa gaineratu du: “32.000 euro hauek oso ondo daude baina anekdota hutsa izan daitezke baldin eta zuen arloetatik bideratzen badituzu esandako jarduerei buruzko elkarlanak, dirulaguntza bitartez edo dena dela. Guk helduleku asko beharko ditugu hau denau iraultzeko, baina, hori izango da beharrezkoa izango zaigun heldulekuetako bat eta guretzat ongietorria izango da”.   

Patricia Borinaga sozialistak, berriz, gogora ekarri du Soraluze izango dela Gipuzkoako herri bakanetariko bat narriatutako lau eremu deklaratuta dituena, “beraz, edozein dirulaguntza ongi etorria izango da eta horretarako, ahal ditugun ate guztiak joko ditugu eta jotzen ari gara”, esan du. 

Azalpenak eman ondoren, SAPAra joan dira eta han, bertatik bertara ikusi dute fabrika zaharraren egoera.