66 kirol instalazio eta 701 jarduera erabilgarri Mugiment txartelarekin

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 10a, 10:36
Mugiment KTX txartelari atxiki diren hainbat udalerri.

Debagoieneko kirol instalazio guztiak; Debabarrenean, Eibarkoak eta Soraluzekoa eta gertukoen artean, Ermuko kiroldegia atxiki dira Mugiment KTX txartel birtualera. EAEn, guztira, 66 kirol instalaziok bat egin dute zerbitzu horrekin. Bestela esanda, Arane kiroldegiko bazkide direnek beste 66 instalazio horietako 701 jarduera erabiltzeko aukera dute.

Ramon Gallastegi Kirol zinegotziak jakinarazi zuenez, Elgoibar, Deba eta Mutriku ere zerbitzura sartzekotan dira; hori horrela, Debarroko kirol instalazio guztiak erabili ahalko dira Mugiment KTX txartel birtuala baliatuta.

Joan den asteko osoko bilkuran, Gallastegik azpimarratu zuen txartel birtual horren helburua dela, batik bat, norbere herritik kanpo lan egiten dutenei aukera ematea lan egiten duten herri horretako kirol instalazioak erabiltzeko. Era berean, txartelak lagunduko du kirol instalazioen “erabilera optimizatzen”. 

Bakoitzak erabaki eskaintza

Mugiment KTX txartel birtuala erabiltzeko, kiroldegian jakinarazi behar da, bertatik alta emateko. Ondoren, aplikazioa jaitsi behar da norbere mugikorrera eta gero, erabili nahi den beste instalazio horretan, aldez aurretik txanda hartu beharra dago. Ez dago besterik egin beharrik. Hortik aurrerako guztia debalde da, ikastaroak izan ezik. 

Hori bai, herri bakoitzeko udal bakoitzak erabakiko du kiroldegiko ze zerbitzu, instalazio edo ikastaro eskainiko dituen Mugimen KTX txartelerako. Adibidez, Arane kiroldegiak zazpi jarduera eskaini ditu: igerilekua, rokodromoa, gimnasioa eta padela, kasu guztietan 18 urtetik gorakoendako zein beherakoendako eta ordutegi jakinetan. 

Atxikitako instalazioak

Oro har, honako herrietako instalazioak erabil daitezke: 

Ermua, Eibar, Soraluze, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Amurrio, Laudio, Ugao-Miraballes, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka,  Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo eta Muskiz.  

Joan den asteko udalbatzarrean, udal alderdi politiko guztiek aho batez onartu zuten Arane kiroldegia Mugiment txartelari atxikitzea. Besteak beste, oposizioaren izenean, Jone Alberdi EHBilduko zinegotziak kezka helarazi zuen kiroldegian izan den bazkide jaitsierarengatik eta adierazi zuen Mugiment bezalako ekimenak onuragarriak izan daitezkeela hoalakoei aurre egiteko. 

Informazio gehiago HEMEN klikatuta.