45 soraluzetarren izenak jaso dituzte gerra zibileko biktimen datu-basean

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 9a, 11:41
Beatriz Artolazabal atzo, datu-basea aurkezten.

Atzo, astelehena, Euskadin gerra zibilean hildakoen datu-basearen web-bertsioa aurkeztu zuten. Gogora Institutuan argitaratu dute zerrenda. 20.970 hildakoren berri dakar, 19.962 gizon, 997 emakume eta 31 zehaztu-gabeko. Bando bietako biktimak jaso dituzte: matxinatuek eragindako hildakoak eta errepublikanoek hildakoak. Tartean dira 45 soraluzetar. 

Atzo, astelehena, gerra zibilaren biktimen lehen erakunde-errolda aurkeztu zuten. Datu-basean 20.970 fitxa daude –698 ez daude identifikatuta–, 19.962 gizonak dira, 977 emakumeak eta 31 kasutan ezin da generoa zehaztu. “Xehetasunen arabera, gerra zibilean eta lehen frankismoan (1936-1945) Euskadin hildako biktimei buruzko eta gerraren ondorioz Euskaditik kanpo hil diren euskal herritarrei buruzko ikerketaren ondorio da”.

7 .795 biktimen berri falta da

Gaineratu zuten ikerketak zabalik segitzen duela. Izan ere, “egindako ikerketatik ondorioztatzen da gaur egun oraindik ez dela ezagutzen 7.795 pertsona non dauden lurperatuta, eta egiaztatu da familiek informazioa biltzeko duten interesa; izan ere, 1.500 pertsona inguruk eskatu diote haiei buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzari”.

Atzo esandakoaren arabera, “egindako ikerketak erakusten du badaudela heriotza inolako artxibo-iturri kontsultagarritan erregistratuta ez duten zenbait hildako; hori dela eta, Gogorak dei egiten die gerra zibilean eta diktadura frankistaren lehen urteetan hildakoen familiei, beren familiartekoei buruzko informazioa emateko. Modu berean, Memoriaren Institutuak familia horiek datu-baseak kontsultatzera animatzen ditu, bai eta daukaten informazioa eta/edo dokumentazioa aurkeztera ere”.

Bando bietakoak

Gerra zibilaren biktimen datu base horretan daude jasota matxinatuek zein errepublikanoek eragindako biktimak. Haien izen-abizenekin batera, heriotzaren kausa ere adierazi dute. 

Matxinatuek eragindako biktimen kasuan, honakoak azaltzen dira: 

  • Matxinatuen bonbardaketetan hildako pertsonak 1.361
  • Gerra-kontseiluan exekutatutako pertsonak 991
  • Matxinatuek estrajudizialki exekutatutako pertsonak 1.155
  • Gatibutasunean hildako pertsonak 2.238
  • Kontzentrazio-esparru nazietan hildako pertsonak 91
  • Borrokan hildako gudariak eta/edo milizianoak 7.204
  • Beste kasu batzuk 243
  • Guztira 13.283

Errepublikanoek eragindako hildako biktimen kasuan, honakoak azaltzen dira:  

  • Errepublikanoen bonbardaketetan hildako pertsonak 75
  • Euzkadiko Herri Auzitegiaren epai bidez exekutatutako pertsonak 19
  • Errepublikanoek estrajudizialki exekutatutako pertsonak 971
  • Borrokan hildako matxinatuak 5.922
  • Sailkatu gabeak 700
  • Guztira 7.687

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek aurkeztu zuten datu-basearen web-bertsioa, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearekin eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarekin batera.   

Biktimen zerrenda osoa HEMEN ikusgai.