Iaz baino bazkide gutxiago ditu kiroldegiak

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 1a, 09:43

Aste honetan hasiko dira pandemiarengatik etenda izan diren umeendako igeriketa ikastaroak kiroldegian. Oro har, igerilekuak eutsi egin dio erabiltzaile kopuruari, baina gainontzekoan jaitsi egin da kiroldegiaren erabilera orokorra, bai gimnasioarena eta baita ere ikastaroena. Erabiltzailea askok baja eman dute. 

Pandemiak Udal Kiroldegiaren bazkide kanpainan ere eragin du. Joan den urtarrilaren 20an fakturatu zituzten 2021. urteko abonuak eta iazko fakturazioarekin konparatuta, %20 egin du behera bazkidetza kopuruak. Maskararen derrigorrezko erabilera eta etengabeko arau aldaketak izan dira baja emateko arrazoi nagusiak. 

Orain, 689 bazkide 

"Urte hasieran, aldaketa asko izaten dira, altak, bajak… Uda aurretik ere izaten da mugimendua. Sei hilabeterako abonua egiteko aukera eman genuenetik, berriz, alta dezente izaten dira ekainetik aurrera. Beraz, urte normal batean, urte amaieran dezente igotzen da bazkide kopurua urte hasierakoarekin alderatuta. Iazko abenduaren 31n, adibidez, 901 bazkide izan ziren eta 2018an izan genuen errekorra: 955 bazkide. Baina aurten ez dakigu zer gertatuko den pandemiarekin. Une honetan, 689 bazkide daude. Askok diote egoera normaltzen direnean bueltatuko direla". esan du Maria Gallastegik, Udal kirol teknikariak.    

Maskarak eta arau aldaketak 

Hark kontatutakoaren arabera, batik bat maskara erabiltzeko derrigortasunak eragin du baja eman dutenen artean. Baita arauetan egiten ari diren etengabeko aldaketek ere. "Zabaldu zenean, gimnasioan jende mordoa zebilen, eta orain… Ikastaroetan berdin. 2010etik martxan zeuden hainbat bertan behera laga behar izan ditugu. Zumban eta pilatesen talde bana gutxiago ditugu eta bosu desagertu egin da. Fitboxinga, berriz, ondo doa. Baita helduendako igeriketa eta aquagyma ere. 3. adinekoen jarduera eta hipopresiboak, ordea, flojo daude. Igerilekuari dagokionez, jendeak etortzen jarraitzen du. Txanda hartzeko sistemak ondo funtzionatzen du; oso gutxitan geratu da inor kanpoan. Gainera, kale bakoitzeko bi lagun onartzen dira, baina gehiago ere onar daitezke; Eibarren, adibidez, orain, COVIDarekin 3 ibiltzen dira. Azkenik, padel pista alokatzen hasita gaude berriro".