2021eko aurrekontuari emendakina aurkeztu dio Pentsiodunen Mugimenduak

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 28a, 10:00

Arabako pentsiodunak atzo, manifestazioan.

EAEko aurrekontu proiektua dela-eta, atzo, eguaztena, Pentsiodunen Mugimenduak hainbat aldarrikapen jasotzen dituen emendakina aurkeztu zuen Legebiltzarrean. Herrien eta lurraldeen itxiera perimetrala tarteko, Arabako 300 bat pentsiodunek aurkeztu zuten eskaera, EAEko pentsiodunen mugimendu guztien izenean. 

“Pairatzen ari garen pandemia horrekin, 2021erako aurrekontu publikoek gizarte-
eskaerei erantzuteko balio beharko lukete (…) Pandemia promesak ahazteko aitzakia izan da, hala nola pentsio eta pentsio publiko duinen sistema publikoa bermatzea". 

Abiapuntu horrekin, Eusko Jaurlaritza lantzen ari den aurrekontu proiektuari begira, atzo, Euskal Autonomia Erkidegoko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean, pentsioekin eta, oro har, zerbitzu publikoekin lotutako hainbat aldarrikapen jasotzen dituen emendakina erregistratu zuten.

Bertan azaldutakoaren arabera, oro har, uste dute gobernua lantzen ari den aurrekontua “azkarra eta kontinuista” dela, eta ez duela “balioko bizi-baldintzak bermatzeko, sortzen dugun aberastasunarekin bat etorriz”. 

"Onartezina"

Diotenez, besteak beste, aurten osasunera bideratu nahi duten partida Europan bideratzen dena baino baxuagoa da, eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarako aurreikusitako %1,8ko igoera “akasduna eta onartezina” da. Beraz, uste dute Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektuak ez dituela “konpentsatzen” aurreko urteetako murrizketak eta ez direla “nahikoa osasun-krisiari eta haren ondorioei kaudimenez aurre egiteko”. 

Pentsioei dagokionez, berriz, segitzen dute eskatzen gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko “aurrekontu-partida” presta dezatela. 

Zerga-iruzurra, zerga-paradisuak...

Fiskalitateari dagokionez, berriz, “konpromiso irmoa” eskatzen dute “zerga-ekitatean eta zerga-iruzurra, zerga-paradisuak eta ezkutuko ekonomia ezabatzean oinarritua”. 

Bestalde, zerbitzu soziosanitarioak “kalitatezkoak” izateko pauso zehatzak eskatzen dituzte. Eta besteak beste, osasunarekin lotuta, eskatzen dute maskarak osasun-txartelean sartzea, botiken koordainketa ofizioz itzultzea eta murrizketak lehengoratzea eta osasun-gastua handitzea”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.