Eskola mailako kirol jarduerak abian

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 12a, 10:46
Errugbi taldean diharduten hainbat ume.

Bihar, eguaztena, sartuko dira indarrean Eusko Jaurlaritzaren neurri berriak. Horien artean, eskola kiroleko entrenamenduak baimentzea adostu zuten. Sora Errugbi Taldekoek bihar bertan ekingo diete entrenamenduei, eta, eguenean, gauza bera egingo dute Marras Irristaketa Taldekoek. Sora Futbol Taldeko entrenamenduak eta eskola kirolekoak, berriz, astelehenean hasiko dira. Gogoan izan, herriko kutsatze-datuak gorritzen direnean, eten egingo direla taldeko kirol saio guztiak. 

Seiko taldetan, segurtasun distantziak zainduz, maskara jantzita, aldagelak erabaki barik… eta segurtasuna bermatzeko bestelako protokoloak betez egin beharko dituzte entrenamenduak eskola mailako kirol elkarteek. Hala ere, gogotsu berrekingo diete saioei. 

Sora Errugbi Taldeak gogora ekarri du bihar, eguaztena, dutela entrenamendua. Izan ere, orain arte moduan, errugbikoek asteazkenero egingo dituzte saioak, 18:30etik 19:30era, baina 18:15ean egon beharko dute Ezoziko Futbol Zelaian, segurtasun protokoloa aplikatu ahal izateko. Ildo beretik, gogora ekarri dute kirolariek etxetik aldatuta joan beharko dutela eta bakoitzak bere ur botila eraman beharko duela.  

Ildo beretik, eguenean ekingo diete entrenamenduei Marras Irristaketa Taldekoek. Kasu horretan, benjaminak eta alebinak hasiko dira eguenean eta barikuan, berriz, infantilen txanda izango da.

Astelehenean futbola eta eskola kirola

Sora Futbol Taldeari dagokionez, berriz, ezustekorik ezean, astelehenean hasiko dira entrenatzen. Futbol taldearen kasuan, eskola kirolaren gaineko debekua ezarri aurretik egin zuten saio bat protokolo berria aplikatuta (seiko taldeetan, aldagela barik…). Beraz, astelehenean funtzionamendu berorri eutsita ekingo diote berriro ere.

Pilota taldeari dagokionez, berriz, begirale faltarekin segitzen dute, beraz, momentuz, ez dira abiaraziko pilota-entrenamenduak.

Azkenik, eskola kirolari dagokionez, astelehenean hasiko dira entrenamenduetan. Maria Gallastegi kirol teknikariak esan duenez, dekretu berria argitaratu ostean bidaliko dute eskola kiroleko entrenamenduen eta ordutegien gaineko oharra eskolara, ume guztiei bana diezaioten. 80 bat ikaslek dihardute eskola kirolean.

Astelehenetan eta eguenetan, errepasoa

Hori bai, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi zuen herri bateko kutsatze-tasa gorri kolorera iritsi bezain laster bertan behera geldituko direla talde kirol guztiak harik eta kutsatze-tasa hori jaitsi arte. Zentzu horretan, astelehenero eta eguenero argitaratuko dute gorriz dauden udalerrien zerrenda. Oraingoz, Soraluzeko semaforoa hori kolorean dago.