“Bakea aldarrikatzeko, bizikidetza eta konponbidea aldarrikatzeko”, zapatuan, manifestazioa

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 7a, 09:24

“Bakea aldarrikatzeko. Bizikidetza eta konponbidea aldarrikatzeko”, zapatuan kalera irten eta presoen eskubideen alde herriz herri mobilizatzeko deia egin du Sare Herritarrak Soraluzen, 17:30ean abiatuko da manifestazioa, Plaza Zaharretik. Soraluzeko Sarek “herritar guztiak” gonbidatu ditu bertan parte hartzera.

“Bilboko kaleak ez ezik beste 216 kale beteko ditugu aldarriz, itxaropenez, eta aldaketa gogoz. 216 herritan, egun berean, ordu berean eta irakurketa beraren baitan antolatutako ekimen parte hartzaile eta handienetakoa izango da, beraz, aurtengo urtarrilean Sarek antolatutako mobilizazio erraldoia”. 

Salbuespenezko espetxe politika aldatzea

Berba horiekin iragarri ditu Sare Herritarrak zapatuko mobilizazioak, “espetxe politikan hasi den aldaketa bizkortu dadin” aldarrikatzea helburu dutenak. Soraluzeko Sare ere bada 216 herri horien artean eta 17:30ean antolatu dute presoen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa. Orain arte, urtarrilero Bilbon egin ohi den mobilizazioaren partez egingo dituzte herriz herrikoak. 

Bi aldarri nagusi plazaratuko dituzte:

  • “Batetik, urruntze politikarekin behingoz amaitzea. Aldaketa batzuk ematen hasiak diren arren, oraindik ere, ez da benetako hauturik egin urruntze politikarekin amaitzeko. Euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubide osoa dute, legeak hala jasota. Ondorioz, aurtengo urtarrilean ere, aldarri hau lehen lerroan ezarri dugu, senideei orokorrean eta bereziki haurrei eta nagusienengan duen eragin zigortzailea ahaztu ezinean.
  • Bestetik, euskal presoei sistematikoki ukatu izan zaien eta etxerako bidea ahalbidetzeko behar beharrezkoa den gradu progresioa ezartzearen eskakizuna. Izan ere, Oraindik 107 dira lehen graduan jarraitzen duten presoak, eskubide ugari murrizten zaizkielarik”.

Sare mugimenduak azpimarratu du “salbuespenezko espetxe politika aldatzea ezinbesteko baldintza” dela “konponbidearen bidean eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiten jarraitzeko”.