Egoitzako gerentzia lehiaketara

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 24a, 13:04
Elena Plazaola atzoko osoko bilkuran.

Egoitzako zuzendaritza-gerentzia zerbitzua lehiaketa bidez kontratatu nahi du Udalak. Atzo, eguaztena, horrela jakinarazi zuen udalbatzarrak, egoitzako langile baten galderari erantzunez.

Emandako azalpenen arabera, orain arte, egoitzako gerentzia pertsona baten esku laga izan dute, hari zuzendari kargua emanez. Baina, ikusi da “oso zaila” dela pertsona batek zeregin guztiak betetzea eta pentsatu dute errazagoa dela zeregin hori enpresa baten esku lagatzea. 

Azken zuzendari Elena Beristain joan ondoren, egoitzako egoeraren diagnostikoa egiteko enkargua egin zioten Aita Menni Fundazioari.  

Orain, emaitzak eskuartean, egoitzako zuzendaritza-gerentzia lehiaketa bidez esleitzeko baldintzen plegua prestatzen ari da Udala. “Horrek ez du esan nahi zerbitzua pribatizatuko denik eta ezta ere langileak subrogatu egingo direnik. Bakarrik atera nahi da lehiaketara gerentzia-zuzendaritza zerbitzua”, esplikatu zuen Patricia Borinaga zinegotziak.

“Langileek segituko dute Patronatuko langile izaten eta Patronatuak segituko du izaten egoitzaren ardura”, gaineratu zuen Unai Larreategi zinegotziak.

Elena Plazaola egoitzako langileak galdetu zuen udalbatzan gaiari buruz, esanez, azkenaldian zurrumurruak zabaltzen hasi direla eta horiek argitu nahi zituela.