EH Bildurendako esker oneko berbak

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 24a, 10:05
EH Bilduko Udal taldea, atzo, eguaztena.

Aurrekontua onartzeaz gainera, atzoko bilkuran arreta eman zuen alderdi politikoek transmititu zuten elkarren arteko sintonia ona. EAJk zein PSE-EEk biek ala biek esker ona helarazi zioten EH Bilduri, bere abstentzioarekin aurrekontuari bide ematearren, “niretzat pertsonalki aldeko botoa da”, esan zuen Iker Aldazabal alkateak.

Aurrekontuaren gaineko xehetasunak esplikatzean, alkateak azaldu zuen EH Bilduk hainbat proposamen mahai-gaineratu dituela, “aurrekontua aberasteko” helburuarekin. Udal Gobernuak onartu egin ditu horietako gehienak; beste batzuk, berriz, aurrerago garatzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartu zuen.

Olaldea, paddle pista eta Sologoen

Onartutakoen artean, Olaldeako Plan berezia garatzen segitzeko hurrengo pausoa ematea onartu zuten, “estrategikotzat jotzen dugun gunea garatzeko”, esan zuen Aldazabalek.

Horrekin batera, onartu egin zuten Diputazioak kiroldegietarako deitzen duen dirulaguntza deialdira aurkeztea U-guneari dagokion proiektuarekin: “Paddle pista estali eta skate gunea egiteko proiektua zehazten joango gara, dirulaguntza deialdia ateratzen denean, laguntza eskatzeko”.

Bestalde, ontzat eman zuten, baita ere, Sologoeneko zentral hidroelektrikora doan ubidean izandako luiziak garbitzeko EH Bilduk egindako proposamena: “Zentralera ur gehiago iristen bada, gehiago turbinatuko du eta ondorioz, argindar gehiago ekoiztuko du”, esan zuen alkateak.

Itxaropenako taberna

Onartu egin zuten, baita ere, Itxaropenako tabernarekin lotuta oposizioko koalizioak egindako proposamena. Alkateak gogora ekarri zuenez, erretiratuen etxeko tabernak itxita segitzen du, hura kudeatzeko lehiaketa birritan publikatu arren, inor ez baita aurkeztu. Horren aurrean, EH Bilduk proposatu du zuzeneko laguntza ematea taberna kudeatzeko interesa izan lezakeenari.

“Aurreko astean batzartu ginen Itxaropenako batzordearekin. Ikusi zen tabernaren lehiaketarekin lotuta, plegu berriak behar zirela. Plegu berri horietan laguntza zuzena zehaztuko dugu. Horrekin batera, taberna kudeatzeagatik orain arte kobratu den 100 euroko alokairua ez da kobratuko. ”, esan zuen Iker Aldazabalek. “Helburua da tabernaren kudeaketa erakargarriagoa izatea, izan ere, taberna horrek zerbitzua ematen die nagusiei eta beharrezkoa da, are gehiago orain, pandemia egoeran”, gaineratu zuen alkateak.

Baso Biziak elkartearekin "eskutik"

Azkenik, onartu egin zuten herrian sortu berri den Baso Biziak elkartearekin EH Bilduk  proposatutako elkarlana. Are gehiago, alkateak Baso Biziak elkartearen “aldeko kanpaina” egin zuen, gogora ekarriz, Udalak ere baduela “baso autoktonoen aldeko irizpidea”. Hala, prestutasuna erakutsi zuen Baso Biziak elkartearekin “eskutik joateko”, “landatze lanetan laguntzeko, koordinatzeko…” Halaber, jakinarazi zuen bertako basoen aldeko elkartea urtarrilaren 13ko Ingurumen eta Landa Garapen Batzordera gonbidatu dutela.

Komun publikoak eta laguntzak

Baztertutako EH Bilduren proposamenei dagokienez, berriz, bi dira:

  • Komun publiko berriak: “Denok dakigu zein den haien egoera. Kexuak ere egon dira. Azkenaldian egin dira hainbat lan: garbiketa, margotzea… baina badute eragozpen handi bat: eskailerak. Ez dira irisgarriak. Aztertu ditugu beste herri batzuetan dauden komunak, auto-garbitzen diren horietakoak. 30.000-50.000 euroko kostua dute. Diruaz gainera, komun berriendako kokapena aztertu beharko litzateke. Aukera bat izan liteke Santa Ana 2ko eraikina (Zubi Nagusia, Belarrak saltokia zegoen etxe zaharra) botatzean han kokatzea, izan ere, komun publikoek erdigunean egon behar dute…”, esplikatu zuen alkateak.
  • Negozio berriei gehi lehengoei laguntzak ematea: “Ez dugu gaizki ikusten proposamena, baina datorren urterako beste lehentasun batzuk daude eta diru-sarrerak ez dira handiak. Aztertuko ditugu bestelako erakundeek ematen dituzten laguntzak eta haien berri emango diegu”, esan zuen Iker Aldazabalek.

Esker ona

Esandako moduan, aurrekontua aldeko sei botorekin (EAJ gehi PSE-EE) eta bost abstentziorekin (EH Bildu) onartu zuten. Iker Aldazabal jeltzaleak zein Patricia Borinaga sozialistak, biek ala biek helarazi zioten esker ona EH Bilduri, abstentzioarekin aurrekontuari bide emateagatik.

Patricia Borinaga: “Aurrekontu hau ez da ez Udal  Gobernuak eta ezta ere oposizioak nahiko zukeena, pandemiak baldintzatutakoa baita. Hala ere, eskertzekoa da lan dinamika berriak ikustea, halako egoera gogorrean ados ipintzeko eta elkarlanerako aukerak izatea (…). Ildo beretik, erabateko disposizioa dugu martxoko soberakinarekin lehentasunak guztien artean adosteko”.

Iker Aldazabal: “Desadostasunak alde batera utzi eta izandako adostasunak azpimarratu nahiko nituzke, bereziki, aurrekontu-proiektua baita Udalaren instrumenturik inportanteena. EH Bilduren abstentzioarekin onartu da aurrekontua. Niretzat, pertsonalki, aldeko botoa izan da”.