4.300.550 euroko aurrekontua izango du Udalak 2021ean

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 24a, 08:30

Udal ordezkari politikoak atzo, osoko bilkuran.

Atzo, eguaztena, Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu-proposamena onartu egin zuen udalbatzarrak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Pandemiak baldintzatutako aurrekontua izango da; besteak beste, diru-sarrerak gutxitu egin dira eta gastuak handitu. Horren ondorioz, inbertsioak martxoan aktibatuko dituzte, 2020ko likideziaren soberakinaren arabera.

Iazko abenduan onartutako aurrekontuarekin alderatuta -4.700.000 euro-, txikiagoa da atzo onartu zutena: 4.300.550 euro.

Hiru arrazoi nagusi daude horretarako. Batetik, Udalak jaitsiera aurreikusi duelako zerga edo tasa bitartez jaso ohi duen sarreretan, 65.000 euroko jaitsiera, hain justu.

Bestetik, Foru Funtsetik ohi baino diru gutxiago jasotzea ere espero duelako: %9,73 gutxiago, -233.340 euro gutxiago-.  

Gastuak gora

Eta hirugarrenik, aurten, Udalak %12,36ko igoera izan duelako gastuetan, batik bat pandemiaren ondorioz handitu egin diren garbiketara bideratutakoak. Plaentxi Herri eskolan 20.000 euro gehiago ordaintzen dute garbiketa estrengatik eta kiroldegian 40.000 euro gehiago, instalazioa handitu egin delako eta pandemiaren garbiketa estrengatik.

Inbertsioei dagokienez, berriz, Iker Aldazabal alkatearen esanetan, “Udalak baditu batzuk aurreikusita, baina orain 1.000 euroko partidak zehaztuko ditugu eta 2020ko diru soberakinaren berri dugunean (2021eko martxoa) aktibatuko dira inbertsioak”. Ildo beretik, “eskua luzatu” nahi dio oposizioari inbertsio horiek elkarlanean "adosteko".

Batzorde guztiak gehi ezinbesteko gastuak

Aldazabalek esplikatu zuenez, udalbatzak onartu zuen aurrekontu-proposamenaren “helburu nagusia” izan da bertan txertatzea “Batzorde desberdinetako aurrekontu-proiektuak, gehi II. Kapituluko gastuak (gastu korrontea: ura, argia, garbiketak…) KPIren arabera egokituta, gehi I. Kapituluko gastuak (pertsonala). Berritasuna dira langileen soldatak; aurten izoztuta izan ondoren, izan ez duten %2ko igoera hori gehi 2021erako Estatuak aurreikusitako 0,9a aplikatuko zaie. Beraz, %2,9ko igoera, guztira. Soldatekin segituz, alkatearen soldatan %10,58ko jaitsiera mantenduko da –urtean 9.000 euro inguruko aurrezkia da hori-“, gaineratu zuen alkateak.

Inbertsioen atalean, salbuespena da Dolmenen Ibilbideko proiektura bideratutako partida bere horretan lagako dutela, “hitzarmen baten baitan dagoelako”, alkatearen esanetan.  

Bestalde, aurtengo aurrekontua 2020koa baino txikiagoa dela agerikoa da. Hala ere, zaila da iazkoarekiko alderatzea egitea. Batik bat, iazko abenduan 2020rako aurrekontua onartu bazen ere, 2020ko uztailean aurrekontu hori berregokitu egin baitzuten, pandemiaren ondotik etorritako krisiaren testuinguruan, Foru Funtsetik jaso beharreko diru-sarrerak %20an txikitu baitziren.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.