Aurrekontua langai, eguaztenean

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 21a, 16:18
Uztailean egindako osoko bilkura.

Abenduaren 23an, eguaztena, 2021erako udal aurrekontu proiektua landuko dute. Osoko bilkura egingo dute horretarako, 19:00etan. Bilkuran, bestelako gaiak ere landuko ditu udalbatzarrak, adibidez, Lanbiderekin hitzarmena, tokiko garapena sustatzeko proiektuak diruz laguntzeko. 

Eguaztenean, osoko bilkura hasi eta alkatetzaren dekretuen ondorengo puntuan landuko dute 2021. urterako udal aurrekontua, baita haren exekuzio-araua ere. 

Duda barik, datorren urtekoa ere pandemiak baldintzatutako aurrekontua izango da. Besteak beste, Udalak ohikoak baino diru-sarrera txikiagoak izan ditu, adibidez, urteko zergak eta tasak izoztu egin zituztelako; gainera, aurreikustekoa da Foru Funtsetik ere azken urteotan baino diru gutxiago etor litekeela. 

Gogoan izan, aurtengo uztailean berregokitu egin behar izan zutela 2020ko udal aurrekontua, batik bat, Foru Funtsetik etorri ohi den finantzazioa %20an murriztu zelako.