Bihar, elkarretaratzea, Bateragune Auziaren epaiketa errepikatzearen kontra

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 18a, 10:05
Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez. Argazki Press.

Bihar, zapatua,12:00etan elkarretaratzea deitu dute, Bateragune Auzia errepikatzeko erabakiarekiko desadostasuna adierazteko. Plaza Berrian da hitzordua, Demokrazia lelopean. Soraluzeko EH Bilduk bertan parte hartzeko deia egin du: “Espainiako Auzitegi Gorenak oinarrizko eskubide demokratikoen aurka hartutako erabakiari herri gisa erantzun diezaiogun”.

Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Bateragune Auzia berriz epaitzeko hartutako erabakia dela-eta, bihar, zapatua, elkarretaratzeak egingo dituzte, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, Ezker Anitza-IUk, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek eta Gaurgeroak, Euskal Herriko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteak deituta, beste zenbait eragileren babesarekin.

"Oinarrizko eskubideen kontra"

Soraluzeko EH Bilduk ere bat egin du deiarekin eta mobilizazioan parte hartzeko deia egin die soraluzetarrei:  “Espainiako Auzitegi Gorenak oinarrizko eskubide demokratikoen aurka hartutako erabakiari herri gisa erantzun diezaiogun”.

2012an zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune Auziko auzipetuak. 2018ko azaroan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aho batez ebatzi zuen epaiketa “inpartziala” izan zela, eta ondorioz Espainiako Auzitegi Gorenak epaia indargabetzea erabaki zuen. 

Estrasburgok, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baliogabetu duen epaiketa bat errepikatzen den lehen aldia izango da.