Aukerak ezin aprobetxatu

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 17a, 17:40
Partiduaren une bat.

Atzo, Errege Kopako jardunaldian, Leioa Futbol Taldeak galdu egin zuen Vilarreal taldearen aurkako partidua. Leioako jokalari diren Mikel Juaristi eta Haritz Albisua soraluzetarrek kontatu dute ez zutela “gaizki jokatu baina alde handia” dagoela “horrelako talde batekin, fisikoki eta teknikoki”. Aurrera begira, berriz, “ligan zentratzea” da helburua. 

“Ba egia esan, esperientzia polita izan zen, azkenean horrelako talde baten aurka ez da beti jokatzen”. Halaxe laburbildu dute Mikel Juaristik eta Haritz Albisuak atzoko partiduari buruzko bizipena.

0-6 galdu zuten Vilarrealen kontra. Partiduaren emaitzari buruz galdetuta, berriz, adierazi dute aukerak izan zituztela baina ez zutela amatu: “Ba ez genuen gaizki jokatu, baina alde handia dago horrelako talde batekin, fisikoki eta teknikoki. Eta hainbeste kalitate dutenez, eduki zituzten aukerak gol bilakatu zituzten. Aldiz, guk ez genuen lortu sartzea eduki genituen aukerak”.

"Ligan zentratzea"

Leioaren hurrengo erronkari dagokionez, berriz, “ligan zentratzea” dute helburu. “Azkenean, urte osoko kontu bat da eta garrantzitsuena hori da. Beraz, hurrengo partidua ondo prestatzea eta irabaztea izango dugu helburutzat. Horrekin bat, klasifikazio orokorrean gorantz egiten saiatu”.