Gaur, bi soraluzetarrek Errege Kopan jokatuko dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 16a, 09:56
Haritz Albisua eta Mikel Juaristi Leioa taldearen entrenamenduan, atzo, martitzena. Argazkia: Leioa Futbol Taldea.

Gaur, eguaztena, Errege Kopako lehen kanporaketako partidak jokatuko dituzte. Tartean, bi soraluzetar ere izango dira lehian. Izan ere, gaur 21:00etan, Leioa Futbol Taldeak Vilarreal taldearen kontrako norgehiagoka jokatuko du, etxean. Haritz Albisua eta Mikel Juaristi futbolari soraluzetarrek “gogo handia” dute Vilarrealen kontra jokatzeko, “Lehen Mailako taldea da eta ez nolanahikoa, Europan dagoen talde bat da”, diote.

Atzo, martitzena, hasi ziren Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketako partidak. Euskal Herriko lau taldek jokatu zuten eta bakarrik bik lortu zuten bigarren kanporaketarako sailkatzea: Osasunak eta Portugaletek.

Gaur, berriz, Euskal Herriko zazpi talde izango dira lehian; tartean, 21:00etan, Leioa Futbol Taldearen txanda izango da; bertako jokalari dira Haritz Albisua eta Mikel Juaristi soraluzetarrak eta
Vilarreal taldea izango dute aurkari. 

Soraluzeko bi futbol jokalariak ez daude “urduri” partiduarengatik, bai, ordea, gogotsu: “Ez gara urduri sentitzen. Azkenean, guretzat sari bat moduan da. Daukagu gogo handia euren kontra jokatzeko, Lehen Mailako talde bat delako eta ez nolanahiko taldea, Europan dagoen talde bat da. Oso esperientzia ona da guretzat”.

“Mina zelan egin”

Partida modu bereziren batean prestatu duten galdetuta, berriz, erantzun dute Bizkaiko taldeak dituen “puntu indartsuak baliatzen saiatuko” direla: “Beste edozein aurkariren kontra jokatuko bagenu bezala prestatu dugu, eurei mina zelan egin interpretatu eta gure puntu indartsuak baliatzen saiatuko gara, eta lanarekin eta zorte pixka batekin ea zerbait polita lortzen dugun”.

Zelaia zalerik gabe

Hori bai, pena handia dute, pandemia dela-eta, gaur ikuslerik ezin delako futbol zelaira bertaratu: “Halako partidu batean zalerik ez egoteak demaseko amorrua ematen du, anbiente oso ona egongo zelako. Azkenean, zaleak etorri egingo ziren Lehen Mailako jokalariak ikustera eta beste partidu batzuetan baino zale askoz gehiago egongo lirateke”.