Musikariek entseatzeko lokalak eskatu dituzte Ezozibideko lokalak ixtear direnean

Egoitz Unamuno 2020ko abe. 12a, 18:59

Ezozibideko lokalen egoera kaxkarra ez da kontu berria. Urteak dira azpiegitura okerrera egiten ari zela eta, ondorioz, azken urteotan poliki-poliki bertan egoitza zuten musikari eta bestelako kultur talde askok alde egin dute bertatik. Gaur egun, hiru musikarik eta Judo taldekoek bakarrik erabiltzen dituzte bertako lokalak. Udalak lokalak ixtea erabaki du eta ondorioz, datozen hilabeteetan erabiltzaileek hustu egin beharko dituzte lokalok. Musikariek entseatzeko lokal berriak eskatu dizkiote Udalari.   

Irailean, erabiltzaileekin bildu zen Udala eta bertan jakinarazi zien  Ezozibideko lokalak behin betiko ixtea erabaki zuela eta erabiltzaileei eskatu zien, epe zehatzik barik, lokalak husteko. Judo taldeari Batzokiko frontoia eskaini zion Udalak eta “pandemiaren krisia pasatzen denean” bertan berrekingo diete entrenamenduei.  Musikariei, berriz, lokalen alokairua ordaintzen laguntzeko aukera eskaini die Udalak.

Musikarien eskaria

Musikariek ulertzen dute eta zentzuzko ikusten dute Ezozibideko lokalak ixtea, baina haien ordez, entseatu eta materialak gorde ahal izateko lokal publikoak egokitu ditzala eskatzen diote Udalari. “Azken urteotan, herriko musika talde askok inguruko herrietako lokaletara joan behar izan dute, batez ere, Eibarrera eta Bergarara, Ezozibideko lokaletan ez dagoelako gutxieneko baldintzarik. Musika Eskolan gazte askok ikasten dute instrumenturen bat jotzen.Herrian entseatzeko lokalak izango bagenitu, askoz errazagoa litzateke taldeak eta proiektu berriak sortzea. Herrian fabrika huts mordo bat dago, baina Udalaren laguntzarik barik oso zaila da ezer egitea”.

Musikariek inguruko herrietan dauden lokalak aipatu dituzte eredu modura: Bergarako Goikorock, Eibarko Legarre, Ermuko eta Mutrikuko lokalak… Horietan, Udalak entseatzeko lokalak eskaintzen dizkie musikariei eta hauek, elkarte baten bilduta edo banaka, lokalak kudeatzeaz eta egoera onean mantentzeaz arduratzen dira, kuota sinbolikoak ordainduta.    

Udala "aukerak aztertzen jarraitzeko" prest

Patricia Borinaga Udaleko Gazteria zinegotziaren esanetan "Udalak ulertzen du musikarien eskaria, eta prest dago haiekin izandako bileran planteatu zen bezala, nolabait laguntzeko, baldin eta, udal lokal egokirik ez dagoenez, lokalen bat alokairuan aurkitzen badute. Bere garaian, Urretxun egindakoaren bidetik itsasontzi-edukiontziak ezartzeko aukera aztertu genuen, baina, egun Udalak duen egoera ekonomikoarekin, ez du aukerarik halako inbertsiorik egiteko. Dena den, prest gaude musikariekin batera aukerak atertzen jarraitzeko” . 

Kulturgunea izandakoa urtetan

Ezozibideko lokalak 70eko hamarkadan eraiki zituzten, Ezozibidean etxebizitzak egin eta ingurua urbanizatu zutenean. Ordutik, urteetan zehar, herriko hainbat kultur eta gizarte jardueretarako erabili izan dira. Garai batean, Soraluzeko Ametsa ikastolaren ikasgelak izan ziren bertan eta ondorengo urteetan dantza taldeak, motozaleek, LAB sindikatuak, judo klubak eta musikariek erabili izan dituzte bertako lokalak. Musikarien kasuan, urte guztiotan talde asko izan dira bertan sortu edo entseatu izan dutenak.