Orain lokaletako egoera nolakoa den ikusita eta itxi egin beharko direla jakinda, ziklo bat itxiko da beraiekin. Beste ziklo baten hasiera dator. Momentu honetan hasten dira zalantza guztiak.
Herriko musikari askok pixkanaka-pixkanaka alde egin dugu herriko lokaletatik, arrazoi ezberdinengatik joan gara. Batzuk kanpora joaten direlako ikastera edo bizitzera, beste batzuk beste herri bateko talde batera joan direlako jotzera... Baina denei galdetuta, denek erantzun berdina emango dizute: gure materiala babesteko onena dela alde egitea. Argi eta garbi. Lapurretak izan ziren, hezetasuna azalean sentitzen da eta instalazio elektrikoari
buruz ez dut berbarik egingo, agian baten bat gorritu egingo da eta...
Argi dago egoera ikusita RKzulo ixtea zentzuzkoa dela, baina orain zer? Zer gertatuko da han ensaiatzen jarraitzen duten musikariekin? Zer gertatuko da kanpora joan ginen taldeekin? Eta niretzat garrantzitsuena: zer gertatuko da gure atzetik datozen gazteekin?
Agian musikarien artean antolakuntza falta da, ez dut ezetzik esango. Baina argi dago hau udal arazo bat dela. Udalak erabaki du lokalak ixtea, baina ez du proposatu konponbiderik. Musikarien aldetik eskaera sinplea da: lokal duin batzuk behar ditugu. Ez dugu inongo luxurik eskatzen, gure aktibitate kulturala baldintza duinetan egiteko baliabideak edukitzea bakarrik.
Garai gris hauetan ezin ditugu kontzertuak eskaini, batzuk disko bat prestatzen dihardugu datorren urterako, beste batzuk ensaiatzen jarraitzea nahi dute eta ziur nago etorkizunean gazteren batzuk euren taldea sortzeko ilusioarekin joango direla lokaletara. Gure herriko kulturaren etorkizuna airean dago.