Futbolari profesionalak

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 3a, 10:32
Haritz Albisua, Iñaki Recio eta Miekl Juaristi, baloiari tokeak ematen. Argazkia: Fernan Oregi.

Haritz Albisua Laskurain, Mikel Juaristi Ariznabarreta eta Iñaki Recio Irusta soraluzetarrak 12 urterekin hasi ziren futbolean jokatzen, Eibar taldean. Orain, 28na urte dituzte Albisuak eta Juaristik, 20, berriz, Reciok. Hirurek futbolean segitzen dute, futbolari profesional bilakatuta, 2. B Mailan.

Gutxik lortzen dute kirola lanbide izatea, soldata bakarrik kirolari esker irabaztea. Soraluzen, azken hamarkadetan, herritar bakarra izan da kirolari profesional: Aritz Laskurain pilotaria. Noski, beste herritar askok oso aurrera egin dute kirolari modura. Baina kirolean profesional izateari esker, horretatik bakarrik bizitzea lortu dutenak bakan batzuk dira.

Horien artean daude hiru futbolari soraluzetar. Adinean tartea izan arren, Haritz Albisua Laskurainek (Soraluze, 1992), Mikel Juaristi Ariznabarretak (Soraluze, 1992) eta Iñaki Recio Irustak (Soraluze, 2000) antzerako bizipenak izan dituzte kirolari profesional izateko egin duten ibilbidean.

Erdiko mailetan, aukera

Hiru gazteak Espainiako Liga Txapelketako 2. B Mailako futbol jokalariak dira. Leioa Kirol Elkarteko futbolariak dira Haritz Albisua Laskurain eta Mikel Juaristi Ariznabarreta. Sanseko futbolaria da, berriz, Iñaki Recio Irusta.

Hiru futbolariek 20 urterekin lortu zuten futbola ogibide izatea. "Futbola ez da bakarrik Lehen Mailako futbolari izan edo futbolari ez izan. Erdian maila gehiago daude eta gu bezalako kirolariak hor daude. Horrek onerako harritu ninduen umetan futbolari buruz nuen iruditik, konturatu bainintzen futbolak bertatik bizitzeko aukera ematen duela, Lehen Mailara iritsi ez arren", esplikatu du Haritz Albisuak.

Alde ekonomiko handiak

Futbolari buruzko ezezagutza hori mailen artean dagoen desberdintasunetatik dator: "Lehen Mailatik Bigarren Mailara saltoa dago eta 2. A Mailatik 2. B Mailara are salto handiagoa. Lehen Maila eta 2.A Maila Ligak kudeatzen ditu eta hortik beherakoak Federazioak. Horren ondorioz, telebisten dirua, babesleena, soldata ikusgarriak, futbol-zelai handiak... horiek guztiak lehen bi mailetan geratzen dira. Kirol ikuspuntutik, ordea, jokalarien maila ez da horren desberdina, baina ekonomikoki alde handia dago maila batean edo bestean jokatu. Gero, futboleko izarrak daude, baina horiek beste galaxia batean bizi dira", gaineratu du Iñaki Reciok.

Soldatak, negoziazioen menpe

Adibide oinarrizkoena jartzearren: 2. B Mailan ez dute legez ezarritako gutxieneko soldatarik. "Datorren urtean, maila berri bat atera behar dute, 2. A eta 2. B Mailen artekoa; profesionala izango da eta, hor bai, gutxieneko soldata ezarri nahi dute. Baina gu ekipoekin negoziatzen denaren menpe gaude. 2. B Mailan 102 ekipo daude. Batetik bestera desberdintasun handia dago. Gu ezin gara etorkizunean futboletik bizi, hau bukatutakoan beste lan batean jardun behar dugula badakigu. Baina, azkenean, futbolean ibili garen urte horiek guretzat izan dira", dio Reciok.

"Gustuko lana egiten ari gara. Akaso lortuko dugu beste lanbideren bati 15 urte kentzea", gehitu du Mikel Juaristik. Hala ere, Albisuaren ustez "gehiago kontrolatu" beharko litzateke soldaten kontua. "Denok irabaziko genuke, jokalariok eta ikusleek". Noski, normala den moduan, hiruren ametsa noizbait Lehen Mailan jokatzea da.

Errege Kopa

Bien bitartean, orain arte moduan, duten onena ematen segituko dute, norbere taldean. Aurten, ezohiko egoeran dihardute, pandemiak baldintzatuta.

Hala ere, lehiak aurrera dirau eta Albisuak eta Juaristik Errege Kopa jokatuko dute, Leioa K.E. Errege Kopako txapelketan sailkatu berri baita. Ez dute aurkari makala izango: Europa Leaguen diharduen Vilarreal. Abenduaren 16an dute norgehiagoka, Leioan. Gainera, Errege Koparako txartela eskuratu dute Federazioko Kopako finalerdietara iristeari esker. Horrek ere badu meritua.

Mailaz igotzea

Sanseri dagokionez, hura lider doa Ligan. Aurten, mailaz igotzea dute helburu. Recio: "Ekipo ona dugu, iaz ere ondo ibili ziren, lehen bosten artean geratu ziren. Datorren urtean, sortu behar duten maila berri horretan sartzea da gure helburua. Ligan sailkatzen diren lehen hiru futbol taldeak sartuko dira eta, oraingoz, lehenengo goaz".

Futbolera, eskola kirolari esker

Futbolari profesionalak dira, bada, Albisua, Juaristi eta Recio. Beraz, futboletik eta futbolerako bizi dira. Baina gezurra badirudi ere, umetan ez ziren futbolariak.

Kuriosoa da, baina hirurak izan ziren pilotari futbolari izan baino lehenago. Eta kuriosoa da ere hirurak futbolera eskola kirolari esker ailegatu izana.

Mikel Juaristi: "Nik pilotan besterik ez nuen jokatzen. Eskola kirolean hasi nintzen lagun guztiak han zeudelako. Han hasi nintzen futbolean. Orduan ez zegoen futbol eskolarik herrian, guk sekula ez dugu Sorako kamisetarik jantzi. Eskola kirolean beste eskola batzuen kontra jokatzen genuen, Eibarren. Behin, partidu bat jokatzen ikusi gintuen pertsona batek Haritzi, Iker Benitori, Jon Laskuraini eta niri deitu zigun, Eibar taldekoa zen eta guk proba batzuk egitea nahi zuen, Eibar taldeak alebinetan sortu behar zuen talderako. Joan ginen eta taldean hartu gintuzten".

Albisuak ere futbola ala pilota, bien artean aukeratu behar izan zuen: "Entrenamenduetara joateko, futbolak beste gertutasun bat ematen du: aldageletan 20 bat lagun ginen, entrenamenduak Eibarren ziren… Pilotan, berriz, Tolosara, Donostiara... joan behar izaten nuen entrenatzera, bakarrik, aldageletan ere askotan bakarrik nengoen. Gainera, futbolean asko ibilitakoa nintzen."

Antzerakoa gertatu zitzaion Reciori. Adinekoen artean, pilotan ez zen batere jokalari txarra, baina... "Benjaminetatik Eibarren nengoen, Soran ez baitzegoen benjaminik. 10 urterekin Realaren probetan parte hartzen hasi nintzen. 12 urterekin Realean hartu ninduten eta futbola aukeratu nuen".

Opor, asteburu eta jai gutxi

Behin futbol talde baten sartuta, diote “konturatu barik” iritsi direla kirolari profesional izatera: "Egunean egunean disfrutatzera, ikastera… joaten zara entrenamenduetara eta partiduetara. Baina, Jubeniletara ailegatzen zara; hor jada gogor lehiatzen da; hortik 3. Mailara eta konturatu orduko jada 3. eta 2. Mailan lehiatzen zabiltza. Bat-batean jende ezagunaren kontra jokatzen zaude, 1. Mailatik bueltan etorritakoen kontra..." kontatu du Albisuak.

Baina, "konturatu barik" iritsi arren, hiru soraluzetarrek onartzen dute dauden lekura ailegatzeko sakrifizio asko egin behar izan dituztela.

Iñaki Recio: "Askok laga egiten dute, nahiago dutelako oporretan joan edo euren gurasoek oporretan joan nahi zutelako… Azken batean, umetan hasten gara futbolean. Gurasoen esku dago asko. Egia da zerbait izan behar duzula talderen batean sartzeko, baina gero, barruan bazaude, medio asko dituzu hobetzeko. Zure partetik konpromisoa, ahalegina eta behar den guztia jartzen baduzu eta zugan konfiantza badute, mailaz igotzen zoaz". "Ni oso gutxitan joan naiz gurasoekin oporretan. Era berean, gurasoek asko lagundu digute. Entrenamenduetara eramaten, beti babesa ematen… Baina jai piloa, uda piloa, opor piloa...galdu ditugu", dio Albisuak. "Ezin duzu ia planik egin. Zure lagunek herriko jaietan plana egiten dute eta zuk ezin… Hori bada zaila". 

Baina bestela ezin da esan futbola gogorra denik, kontuan hartuta jendeak 8 ordu egiten duela lan beste leku batzuetan. Sakrifikatua da, baina ez gogorra", gaineratu du Juaristik.

Noski, futbolari izaten segitzeko asmoa dute hiru gazteek, "ahal duten bitartean". "Disfrutatzen jarraitzen dugun bitartean eta osasunak laga arte, lesioak gogorrak izaten dira eta", dio Albisuak.

"Nik oraindik urrun ikusten dut hori", dio, berriz, futbolari gazteenak.

Hori bai, futbolari izatearekin batera, ikasten segitzen dute. Magisteritza bukatu dute Juaristik eta Albisuak , eta horretan dihardu Reciok.

Izan ere, futbola bukatzen zaienean, kirolarekin lotutako lanbideren batean segi nahiko lukete, eskoletan kirol irakasle, adibidez, Hala ere, badaezpada, Juaristik Mekatronikako goi mailako modulua ikasten ere badihardu.

Konpromisoa, diziplina eta ikasten segitzea

Etorkizuna etorkizun, orainean hiru gazteek futbolari izateko ametsa bete dute. Eta amets bera duten soraluzetar gazteei amets horri eusteko mezua helarazi nahi diete, zalantza izpirik gabe. Saiatzea, konpromisoa hartzea, diziplina eta ikasten segitzea; horixe da behar dena.

Mikel Juaristi: "Nik esango nuke gutariko inork ez duela kale egin entrenamenduetara beste ezergatik eta inork ez dugu kale egin azterketa batera edo ikastera entrenamendu batengatik. Hirurok egon gara ikasten eta hirurok egin dugu guztia. Diziplina behar da. Futbolean gazte hasten zara, pertsona moduan egiten zara. Zure etorkizuneko izaera pertsonala hor lantzen da: talde-lana, komunikazioa, diziplina, konpromisoa… 16 urterekin ez baduzu ikasten konprometitua izaten, akaso, gero 24 urterekin lantegi batean sartzen zara eta han ere ez zara konprometitzen".

Haritz Albisua: "Benetan futbola gustuko duena saiatu egin behar da, entrenamenduetara disfrutatzera eta jolastera joan, baina konpromisoa erakutsita. Futbolean balore asko ikasten dituzu txikitatik. Ez da errenditu behar. Futbolean guztia ez da polita, badaude momentu txarrak. Hala ere, aurrera egin behar da ".

Iñaki Recio: "Hor dago ailegatzen denaren eta ailegatzen ez denaren arteako desberdintasuna. Ondo antolatzen bazara, denerako denbora hartzen baduzu, ikasteko eta entrenatzeko, hobeto iristen zara. Realean ikasketetan ondo ibili ezean, partida bat jokatu gabe zigortzen gintuzten… Notak kontuan hartzen dituzte. Ikusten badute batek ez duela ohiturarik ikasteko edo ez badaki kirola eta ikasketak uztartzen, pentsa lezakete etorkizunerako ere ez duela egingo eskatzen zaion guztia".