Errigorako antolakuntzak ondorengo mezua zabaldu du kanpainan parte hartu duten milaka herritarrei eskerrak emanez:"Izugarria da egungo baldintzetan herri ekimen bat 302.000 euroko ekarpena biltzeko gai izatea. Bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez. Eskerrik asko, beraz, erdi bakartuta gauden honetan taldean aritzeko hautua egiteagatik. Eskerrik asko egoera tamalgarri honetan euskararen alde konpromisoa hartzeagatik. Kanpainako leloak dioen bezala, 'egiten duguna gara'".
Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari hauspoa
Nafarroa Erdialdeko eta Erriberako euskalgintzari hauspoa ematea da Errigoraren helburua. Otzaren salmentarekin lortzen denaren laurden batekin "behar-beharrezko ekarpena" egiten zaie Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastolei, Erriberako AEKri, Sortzenek eskola publikoan D ereduko lerroak zabaldu eta mantentzeko egindako lanari, eta Erriberako Agerraldia egitasmo berrira.