Poliki-poliki plazentziatarrak ari dira Euskaraldiaren bigarren ediziorako izena eman eta txapak jasotzen. Gaurko egunez, 448 herritar daude izena emanda 157 Belarriprest moduan (%35) eta 291 Ahobizi moduan (%65). Euskal Herri mailan, berriz, gaur gaurkoz 147.000 herritarrek eman dute izena.
Aurreko edizioko izen ematearekin konparatuta, herrian, rolen portzentaiari dagokioenez, ez dago alde aipagarririk, ez bada Belarripresten ehunekoa zertxobait hazi dela (3 puntu). Ostera, aipagarria da aurten 118 herritar (%26) izango direla lehen aldiz parte hartuko dutenak eta horrekin batera, 25 urtetik beherako herritarren portzentaia %12koa izango dela, lehen edizioan izan zena baino 5 puntu altuagoa.
Ariguneei dagokionez, Soraluzen 45 entitatek 75 Arigune izendatu dituzte (32 barnekoak eta 43 kanpokoak). Arigune horietan, guztira, 245 herritarrek hartuko dute parte. Entitateen izaerari dagokionez, berriz, izena eman duten entitateen artean 26 komertzioak dira, 9 elkarteak, 3 finantza entitateak, 3 hezkuntza arloko eragileak, 3 industria arloko enpresak eta 1 erakunde publikoa.
Martitzenera arteko epea dago izena eman edota txapa jasotzeko
Euskaraldiaren antolakuntzak izen-ematea azaroaren 24ra arte luzatzea erabaki du. Hortaz, azaroaren 24ko gaueko 23:59 arte izena emateko aukera izango da http://izenematea.euskaraldia.eus/ atarian.
Soraluzeko Euskaraldiaren Batzordeak ere, herrian izena eman edota txapa jasotzeko epea 24ra arte luzatu du eta ondorioz, datorren martitzenera arte eman ahalko da izena Marimar Harategian, Iratxo Goxodendan, udaletxeko harreran (09:00-14:00) edo Euskaraldiko mahaian (17:30-19:30). Azken bi leku hauetan, txapak ere jaso ahalko dira.