Poliki-poliki plazentziatarrak ari dira Euskaraldiaren bigarren ediziorako izena eman eta txapak jasotzen. Gaur gaurkoz, 414 herritar daude izena emanda, 145 Belarriprest moduan (%34) eta 269 Ahobizi moduan (%66). Aurreko edizioko izen ematearekin konparatuta, rolei dagokioenez, ez dago alde aipagarririk, ez bada Belarripresten ehunekoa zertxobait hazi dela (2 puntu). Ostera, aipagarria da aurten 102 herritar (%25) izango direla lehen aldiz parte hartuko dutenak eta horrekin batera, 25 urtetik beherako herritarren portzentaia %13koa izango dela, lehen edizioan izan zena baino 6 puntu altuagoa.
Bost egun gehiago izena emateko
Euskaraldiaren antolakuntzak izen-ematea azaroaren 24ra arte luzatzea erabaki du eta ohar batean azaldu du zergatik erabaki duen hori: “Euskaraldiaren berri ematea, bereziki, konplikatua izaten ari da, eta azken egunetan asko mugitu da izen-ematea. Herritar asko orain ari dira jakiten Euskaraldia datorrela edo aurten berriz eman behar dela izena, eta gehiago izango dira ostiralean bertan ohartuko direnak. Horregatik, azaroaren 24ko gaueko 23:59 arte luzatuko dugu izen ematea http://izenematea.euskaraldia.eus/ atarian, ariketako lehen egunetan horretarako aukera egon dadin".
Soraluzeko Euskaraldiaren Batzordeak ere, herrian izena eman edota txapa jasotzeko epea 24ra arte luzatu du eta ondorioz, datorren martitzenera arte eman ahalko da izena Marimar Harategian, Iratxo Goxodendan, udaletxeko harreran (09:00-14:00) edo Euskaraldiko mahaian (17:30-19:30). Azken bi leku hauetan, txapak ere jaso ahalko dira.