ARAS:"Komertzialki dezente egiten dugu euskaraz, bezero asko euskaldunak dira eta"

Egoitz Unamuno 2020ko aza. 17a, 20:02

Alaznek, Maitek eta Estik osatuko dute Araseko Arigunea.

Aras lantegia 1950. urtean eratu zuten eta gaur egun mekanizatu eta dekoletaje piezak egiten dituen enpresa ertaina da, hamazazpi langile dituena. Langileen artean gehien gehienek dakite euskaraz (%80) eta hori izan da Euskaraldian izena emateko arrazoi nagusia: 

“Ikusten dugu gure enpresako langile batzuendako euskara garrantzitsua dela eta erabaki dugu ariketa maila pertsonaletik enpresa mailara eroatea. Orain Euskaraldian parte hartuko dugu eta etorkizunean ikusiko dugu bestelako pausorik eman dezakegun, errotulazioan edota oharretan.”

Arigunea bulegoan

Arasen, bi Arigune osatu dituzte: barne eta kanpo arigunea, biak bulegoan, bertan jarduten duten hiru lankideen artean. Izan ere, hirurek (Maitek, Alaznek eta
Estik) ulertzen eta egiten dute euskaraz eta erabaki dute Euskaraldiak iraungo duen hamabost egunetan Belarriprest eta Ahobizi moduan jardungo dutela. “Gure artean eta lantegi barruan gehienbat gazteleraz egiten dugu, baina, ostera, komertzialki, dezente egiten
dugu euskaraz. Gure bezero asko hemengoak dira, euskaldunak, eta horiekin euskaraz egiten dugu. Beste batzuekin gazteleraz, frantsesez edo ingelesez egiten dugu”. Lau hizkuntza horiek dira enpresaren eguneroko jardunean erabitzen dituztenak.

Tailerrean Arigunerik izendatu ez duten arren, lantegiko beste lau langilek ere eman dute izena Euskaraldian: Jokinek, Jonek, Anderrek eta Hodayfak. Ariketak irauten duen hamabost egunetan Belarriprest eta Ahobizi moduan jokatuko dute.

Aitzindariak herrian

Arasek bezala, Iterga eta Carmelo Mendizabal enpresek ere eman dutena izena Euskaraldian. Lantegi bakoitzak Ariguneak izendatu ditu, “euskaraz lasai egiteko guneak”. Ondorioz, hiru
enpresa horiek aintzindari bihurtu dira herrian, industria arloan euskara modu antolatuan sustatuko duten lehen lantegiak izanik. Euskal Herrian badira beren jardunean euskara plan pilotuak ezarriak dituzten berrehun bat enpresa, gizarte erantzunkizunari, pertsonen asebetetzeari eta hizkuntzen gestio efizienteari loturik euskara era antolatuan eta progresiboki garatzen dihardutenak.