Samina berbera da guztientzat

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 11a, 14:07

Euskal gatazkaren baitan izandako indarkeria zuzenean sufritu duten Sandra Carrasco eta Olatz Etxabe arrasatearrek mezu argia helarazi zuten antzokian, atzo: “Saminak ez du bandorik; mina berbera da guztientzat, berdin da zein den ideologia edo pentsamendua. Gatazka bateko parte diren alde guztiak entzun egin behar dira, minak eboluzionatu dezan eta gertatutakoa berriro ere gerta ez dadin”. Datorren martitzenean, Maixabel Lasa eta bere senar Juan Mari Jauregi hil zuen ETAkide Ibon Etxezarreta izango dira antzokian, 18:30ean.

Atzo, martitzena, 21:00ak arte luzatu zen Memoria eta Bizikidetzaren jardunaldien lehen saioa, Olatz Etxaberekin eta Sandra Carrascorekin aurreikusitako solasaldia ordubetez luzatu baitzen, S(u/a)minetik bakera ikus-entzunezkoaren emanaldia bukatu ondoren. 

Hausnarketa sakonak partekatu zituzten aita biak tiroz hil zizkieten arrasatearrek, baita S(u/a)minetik bakera ikus-entzunezkoaren egileek eta partaideek ere.

Entzuleen artetik, berriz, eskerrona erakutsi zieten, ausardia handia izatearren bizi izan dutena jendaurrean kontatzeagatik. 

Elkarrenganako errespetua eta enpatia

Laburbilduz, helarazi zuten mezua izan zen enpatiaren eta desberdin pentsatzen duenarekiko errespetuaren beharra dagoela.

Azpimarratu zuten aurrera egiteko zer gertatu zen esan egin behar dela, berriro ere gertatu ez dadin. Elkarrekin bizi garenez eta elkarrekin bizi behar dugunez, elkar ulertu behar dugu, guztien ideiak errespetatuz, nahiz eta ideiak guztiz desberdinak izan:

Sandra Carrasco: “Hasieran jendea alboan izan nuen, erakundeak, politikariak-eta. Baina gero bakarrik geratu nintzen. Lagun-minenek ere bakarrik laga ninduten. Familiarekin ezin nuen kontatu, nahikoa zuten haiek ere. Nire anaiari, adibidez, ikastolan esan zioten: zure aita hil dute Euskadirengatik. Eta ama… Beraz, bakarrik egin behar izan nuen aurrera. Era berean, hasieran amorru handia sentitu nuen. Herriko tabernaren aurretik pasatzen nintzen, barrez eta presoen aldeko kartelak apurtzen, eurek ikusteko. Gero, ikasi egiten duzu horrekin bizitzen. Eta zuk erabaki behar duzu zelan jokatu: ahal zara min horretan estankatuta geratu edo aurrera egin. Ni konturatu nintzen ez nuela 20-25 urteko pertsona baten bizimodua. Psikologoarekin ere ibili nintzen. Baina azkenean neuk egin behar izan nuen aurrera. Ezker abertzaleko pertsona batek ikusarazi zidan ordura arte ikusten ez nituen edo ikusi nahi ez nituen gauza asko. Ordu asko eman genituen berbetan. Ikusi nuen beste aldean ere egon dela sufrimendua; nire samina ez zela bakarra. Gaur egun, ia ez daukat amorrurik. Noizbait sentitzen badut, baztertu egiten dut. Elkarrekin bizi behar dugu, elkarbizitza behar dugu. Hori bai, nire aita hil zuenari sekula ez diot barkatuko. Nire familia apurtu zuen. Eta bera nahikoa nagusia zen jakiteko egin zuena txarto zegoela. Hala ere, saiatu nintzen berarekin berba egiten. Eta gaur egun ere gertu nengoke berarekin berba egiteko. Olatzek eta nik, biok sufritu dugu. Samina berbera da guztiontzat. Hala ere, eta eginahalak egin, uste dut denborarekin ahaztu egingo dela gertatu zena. Oso adierazgarria da, adibidez, gazte askok ez jakitea nor izan zen Miguel Angel Blanco”. 
 

Olatz Etxabe: “Nik beti izan ditut lagunak alboan. Lehen eta orain. Familiak ere bai. Alde horretatik babestuta sentitu gara, herriaren babesa sentitu dugu. Erakundeen aldetik, berriz, oraindik ez dugu biktima aitortzarik jaso; ezin dugu demostratu aita atentatuan hil zenik; ondorioz, adibidez, ezin naiz ikastetxeetara joan nire bizipenak kontatzera. Aita hil zutenean malko guztiak gastatu nituen; ya ez dut negarrik egiten. Hasieran min handia sentitzen nuen, batez ere amarengatik. Gero etorri zen amorrua. Baina bizitzan fase asko daude. Heldutasunak beste lasaitasun bat ematen dizu. Orain gu ari gara hau kontatzen gertatutakoa berriro ere ez errepikatzeko. Hori bai, oraindik zailtasunak daude onartzeko gatazkan bi alde izan zirela, bi aldeek sufritu zutela. Oraindik, badirudi alde bakarra dagoela. Indar parapolizialen gehiegikeriak, adibidez, ez dira onartzen. Nik, akaso, barkatuko nuke aitari egin ziotena, baina nahiko nuke barkamen hori norbaitek niri eskatzea. Gertatu zena jakin egin behar dute gazteek, zer sufritu den. Etorkizuna baikor ikusten dut. Adibidez, Gogora Institutuaren erakusketara joan ziren ikasleen guraso askok eskerrak eman ziguten egin duguna egitearren. Nik uste dut guk ahal badugu hau egin, gizarteak ere egin ahal duela”.