Gertatutakoa kontatuko dute, berriro gerta ez dadin

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 9a, 17:10

Sandra Carrasco eta Olatz Etxabe, 2016an egin zuten lehen agerraldian, Arrasaten. Argazkjia: Gogora Institutua.

Bihar eta hurrengo martitzenean, Bizikidetza eta Memoria jardunaldiak egingo dira Herriko Antzokian. Bihar, Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco arrasatearrak bertaratuko dira. Olatz Etxaberen aita Batallon Vasco Españolek hil egin zuen 1975ean; Sandra Carrascoren aita, berriz, ETAk hil zuen, 2008an.

Bihar, azaroaren 10, Memoriaren Eguna da. Soraluzen, justu, bihar hasiko dira memoria eta bizikidetza oinarri dituzten jardunaldiak.

19:00etan, S(u/a)minetik bakera izenburuko ikus-entzunekoa proiektatuko dute. Dokumentaleko protagonista Sandra Carrasco eta Olatz Etxabe arrasatearrak dira, bien familiak, kasu honetan, bien aitak izan dira indarkeriaren biktima. 

Bien aitak hil

Olatz Etxabek 10 urte zituen 1975eko urrian Batallon Vasco Españolek haren aita Iñaki Etxabe hil zuenean. Kale jantzitako hiru pertsonak tiro egin zioten aitari Arrasate eta Elorrio artean dagoen Kanpanzarko jatetxean. 

Sandra Carrascok, berriz, 2008an galdu zuen aita. Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohia lanera zihoala tirokatu zuten etxe aurrean, autora sartu aurretik. Aurpegia estali gabe zeraman gizonezko batek tirokatu zuen eta ospitalean hil zen Carrasco.

S(u/a)minetik bakera ikus-entzunezkoaren ondoren, bi arrasatearrekin solasaldia izango da.

Datorren astearteko saioari dagokionez, berriz, Zubiak dokumentala proiektatuko dute. Kasu horretan, Marixabel Lasa, Juan Maria Jauregiren alarguna eta Ibon Etxezarreta ETAko kidea dira dokumentalaren protagonistak.

2016tik bizikidetza lantzen

Bizikidetza eta Memoria jardunaldien helburua da herritarrekin batera bizikidetzaz eta memoriaz hausnartzea, gertatutakoaz berba egitea eta gertatutakoak elkarbizitzan eragindako zauriak sendatzea.

Jardunaldiok Udaleko Bizikidetza Mahaiak adostuta egingo dira. Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariek osatzen dute Bizikidetza Mahaia. 2016an eratu zuten mahai hori. Baketik Fundazioak bideratzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.