Koronabirusa

Etxeratze agindua aurreratu egingo da eta ostalaritzako establezimenduak itxi egingo dira

Erredakzioa 2020ko aza. 5a, 20:44

Iñigo Urkullu Lehendakaria gaur, eguena. Argazkia: Irekia.eus

Zapatutik aurrera, etxeratze agindua 22:00etara aurreratuko da, tabernak eta jatetxeak itxi egingo dira, merkataritza-establezimendu guztiek 21:00etarako eten beharko dute jarduna eta ezin izango da taldeko kirol jarduerarik egin. Horiexek dira gaur arratsaldean LABI batzordeak adostutako neurri murriztaile berrietako batzuk.

Gaur iluntzean, eguena, Iñigo Urkullu Lehendakariak jakinarazi ditu zeintzuk izango diren neurri murriztaile berriak, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordearen bileraren ostean. Dekretua bihar argitaratuko da EHAAn eta azaroaren 7an, zapatua, sartuko da indarrean.
 

Honako hauek dira neurriak: 

  1. 22:00etan etxeratze agindua, 06:00ak arte.
  2. Jarduera sozioekonomikoak 21:00etan itxiko dira. Merkataritza-establezimendu guztiei eragingo die neurriak; farmaziei eta gasolindegiei izan ezik.
  3. Kultu jardueretan aforoa %35ekoa izango da.
  4. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxiko dira. Agindutik salbuetsita geratzen dira hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko. Jatorduak etxez etxe prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Gasolindegietan, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola-jantokietan, lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzu-guneetan sartzen diren jatetxe-zerbitzuak salbuetsita geratzen dira.
  5. Kultura-jarduera, -ikuskizun edo -ekitaldi oro gaueko 21:00ak baino lehen bukatu beharko dira. Musika- eta ahots-entsegu kolektiboak edo dantza-entsegu kolektiboak, profesionalak ez direnean, bertan behera gelditzen dira.
  6. Taldeko edozein kirol-jarduera etetea, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Debekatuta dago kirol-ekitaldietara joatea. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea jarduera fisikoa edo kirola hiri-inguruneetan egiten denean.
  7. Ikastaroak edo programatutako jarduerak gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan egin daitezke; betiere maskararekin egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta gehienez %40ko aforoarekin.
  8. Joko- eta apustu-establezimenduak eta -lokalak ixtea; eta
  9. Gaueko 22:30ak izango da garraio publikoa lurralde historikotik ateratzeko. Salbuetsita dago taxia edo gidaria duen ibilgailuen alokairuak.

LABI batzordeak honako arrazoiak baloratu ditu neurri berriak erabakitzerako orduan:

  • Euskadin eta gure inguruan gero eta handiagoa eta kezkagarriagoa da birusaren transmisio komunitarioa.
  • Egoera asistentzialarekiko inpaktoak gora egin du ospitaleko okupazioan eta ZIU oheen okupazioan. Berehalako kolapsoa izateko arriskurik ez duen arren, ospitale-saturazio handiko mehatxua da.
  • Pertsona asintomatiko askok ez dakite birusa daramatela eta kutsatu egin dezakete neurriak zorrotz betetzen ez badituzte.
  • Horregatik, ezinbestekoa da neurri berriak hartzea eta orain egitea, birusaren transmisio-katea hausteko.

Oro har, bada, mugikortasuna eta bizitza soziala ahalik eta gehien murriztea eskatu du Urkulluk, beste konfinamendu bat saihesteko eta "Gabonetara ahalik eta baldintza onenetan iristeko".

Hamabostean behin aztertuko dute neurriek zenbaterainoko eragina duten.

Lehendakariak gaineratu du pandemiak eragindako sektoreentzat, zehazki, merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren arlokoendako laguntzak aztertu direla. Halaber, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak laguntza-programa guztiak indarrean mantentzen dituela.