Hilabete eskas falta da Euskaraldiaren bigarren edizioa hasteko eta poliki-poliki herria eta herritarrak ari dira prestatzen ariketa egiteko. Batzordeak jakinarazitako datuen arabera, orain arte, guztira, 240 herritarrek eman dute izena eta izena eman dutenen artean, %20ak lehen aldiz eman du izena, %26a 30 urtetik beherakoa da eta %60a emakumezkoa.
Batzordetik adierazi dutenez, izen-ematea “martxa onean” doa. “COVID-19ak ezarritako oztopoen gainetik, herritarrak erantzuten ari dira eta badirudi aurtengo edizioan ere parte-hartzaile kopuru handia izango dela.” Gogoratu behar da, aurreko edizioan, 580 herritarrek eman zutela izena.
Txapak azaroaren 6tik aurrera
Izena emateko aukera zabalik dago Euskaraldia.eus webgunean eta Santa Anako lokalean. Aste honetatik aurrera udaletxeko harreran, Iratxo goxodendan eta Marimar harategian ere izango dira fitxak eskuz bete eta izena eman ahal izateko. Txapak, berriz, azaroaren 6tik aurrera eskuratu ahal izango dira, goizez udaletxeko harreran eta arratsaldez Santa Anako lokalean (17:30-19:30). Bestalde, antolakuntzatik jakinarazi dute aurreko edizioko txapa erabili nahi duenak erabil dezakeela, aurtengo edizioko txapak ere berdin berdinak izango baitira.
Batzordeak jakinarazi duenez, lokalean txandak egiteko izena ematen ari diren boluntario kopuruari esker, ariketa hasi aurreko 10 egunetan Euskaraldiko mahaia egunero izango da kalean, izena eman, txapak jaso edota materiala erosteko aukera eskainiz.