Datorren astean, futbol eskolari, rugby eskolari eta udal kiroldegiko talde-kirolei berrekingo diete

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 30a, 09:26
Kiroldegirako sarrera.

Aste honetan etenda egon diren kirol jarduera gehienak atzera ere martxan ipiniko dira datorren astelehenetik aurrera. Izan ere, eguazten iluntzean, Soraluzeko Udalak atzera bota zuen taldeko kirol jarduerak debekatzen zituen agindua, Eusko Jaurlaritzaren neurri berriek kirola seinaka egitea baimentzen zuela ikusita.


Sorako futbol eskolak, adibidez, bestelako ezustekorik ezean, astelehenean bertan ekingo diete entrenamenduei, horretarako orain artekoak baino ume-talde txikiagoak sortuta.

Hori bai, oraindik partidarik ez dute jokatuko, ez txikienek eta ezta nagusiagoek ere. Futbol eskolakoen kasuan, lehiaketek debekatuta segitzen dute. Eta kadete eta gorengo mailakoen kasuan, berriz, haiek partidak jokatu ditzaketen arren, hiru jardunaldi bertan behera daude lagata.

Kadete eta gorengo mailako entrenamenduei dagokienez, berriz, oraingoz entrenatzen segituko dute bakarrik Soraluzeko edo inguruko udalerrietako entrenatzaileak zein jokalariak dituztenek.

Bestalde, Sora Rugby Taldekoek ere datorren astean berrekingo diete entrenamenduei. Berez, eguaztenean dute entrenatzeko hitzordua eta orduantxe hasiko dira. 

Pilota eskolarik ez

Pilotari dagokionez, berriz, oraingoz, ez dute abiaraziko pilota eskola. Lehenagotik begirale faltan zeuden eta Jaurlaritzaren neurri berriekin begirale gehiago ipini beharko lituzkete. Beraz, pilota eskolarik ez da izango, momentuz. "Jendea gertu dago laguntzeko, baina ez konpromisorik hartzeko. Une honetan, nik bakarrik ezin dut guztiarekin; 15 urte daramatzat pilota eskolan eta pena handia ematen dit orain horrela laga behar izateak, baina ez dut beste erremediorik. Hala ere, ahal dugun momentuan, berriro ere, ahaleginduko gara pilota eskola abiarazten", esplikatu du Aitor Atxotegik, Soraluze Pilota Elkarteko ordezkariak.

Federatuta dauden pilotarien entrenamenduek, berriz, bere horretan segituko dute, beti ere pilotariak Soraluzekoak badira edo ondoko herrietan bizi badira. 

Azkenik, Marras Hockey Taldeak egunotan erabakiko du zer egin.

Zumba, spinning-a, pilatesa… bai

Bestalde, datorren astean hasiko dira berriro ere udal kiroldegiko taldeko kirolak: spinninga, kick-boxinga, pilatesa, zumba, luzaketak, hipopresiboak eta Biraka.