Taldeko kirol jarduerak bertan behera eta banakakoak bere horretan

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 26a, 11:23

Gaur goizean, astelehena, Soraluzeko Udalak erabaki du eskola kirola eta umeekin egiten diren kirol jarduera guztiak bertan behera lagatzea, momentuz. Horrekin batera, kiroldegian eskaintzen diren taldeko jarduera guztiak ere bertan behera lagako dituzte. Igerilekuak, gimnasioak, padel pistak eta pilotalekuak, berriz, zabalik segituko dute. 

Gaurtik, herrian ezin izango da taldeko kirolik egin. Horrelaxe erabaki du Soraluzeko Udalak, “Eusko Jaurlaritzak atera dituen neurriak ikusita eta Soraluzeko gaur egungo egoera ikusirik”. 

Horrek esan nahi du ezingo dela egin ez eskola kirolik eta ezta ere umeekin egiten den kirol jarduerarik ere. Era berean, bertan behera laga dituzte kiroldegian egiten diren taldeko kirol jarduera guztiak: spinninga, kick-boxinga, pilates, zumba, luzaketak, hipopresiboak eta Biraka. 

Igerilekua eta beste zabalik

Igerilekua, gimnasioa, padel pista eta pilotalekua, berriz, zabalik izango dira, orain arteko edukiera muga berberarekin eta erabilera arau berberekin. “Pilotalekuan banaka edo bikoteka jokatu ahal izango da, baita padel pistan ere; igerilekuak eta gimnasioak orain arte moduan segituko dugu”, esplikatu du Maria Gallastegi kirol teknikariak.