Hurbiltzen, familiak euskararen inguruan harremantzeko proiektua

Egoitz Unamuno 2020ko urr. 24a, 12:00

Urrian hasi eta abendura bitartean, euskararengandik urrun dauden familiak familia euskaldunekin harremantzeko proiektu pilotua abiatuko da herrian. Urriaren 29an gurasoei zuzendutako hitzaldia eskainiko dute.

Euskararengandik urrun dauden familiei “euskara eta euskal mundua partekatzeko aukerak” eskaini nahi dizkie proiektuak, “familien hizkuntza aniztasunaren elkar aitortza eginez, erlazioak berdintasunetik landuz eta familian elkarrekin gozatzeko aukerak emanez”.

Egitasmoaren dinamizatzailea Arrate Espilla soraluzetarra izango da eta egitasmoan parte hartu nahi duten familiek bere bitartez (609 28 77 39, arrate@pilpilean.eus) edo izena emateko online inprimakia beteta, eman ahalko dute izena. 

Lehen hitzaldia eguenean

Gurasoekin lehen kontaktua bideratzeko, urriaren 29an, eguena, 18:00etan, Nola lagundu haurrari etxeko lanak egiten euskaraz ez badakit? Izeneko hitzaldia eskainiko dute. Hitzaldira aurrez aurre bertaratzeko aukera izango da eta baita hura online entzuteko ere. Bi kasuetan, aldez aurretik izena eman beharko da, 609 28 77 39 zenbakira deituta edo hurbiltzen.soraluze@topagunea.eus helbidera idatzita. Hitzaldia kiroldegiko saio aretoan izango da (hirugarren solairuan).

Hurbiltzen proiektua Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak, Asmoz Fundazioak eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak elkarlanean bultzatzen duten egitasmo pilotua da Jaurlaritzaren eta Soraluzeko Udalaren babesarekin gauzatuko dena.