Asteburuan hasiko dute liga txapelketa

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 22a, 15:47
Sorako kadete mailako iazko taldea.

Sora Futbol Taldeko kadete eta jubenil mailako taldeek asteburuan hasiko dute 2020-2021 liga txapelketa. Biek ala biek domekan dituzte partiduak, Ezoziko Futbol Zelaian kadeteek eta Antzuolan jubenilek. Segurtasun neurriak gordeta, ikusleak zelaira bertaratzea baimenduta dagoela jakinarazi dute Soratik.

Hilabeteko atzerapenarekin bada ere, Sorako jubenilek eta kadeteek asteburuan hasiko dute aurtengo liga txapelketa. Domekan, 11:30ean, Estala Futbol Zelaian du hitzordua jubenil mailako taldeak, Antzuola KIrol Elkarteko taldearen kontra. 

Domekan, 16:30ean, berriz, kadete mailako taldeak Oñatiko Aloña Mendi taldearen kontra jokatuko du norgehiagoka, etxean.

Gorengo mailakoa atzeratuta

Sorako gorengo mailako taldeari dagokionez, berriz, joan den astean hasi zuen liga, baina ez zuen partidurik jokatu, aurkariak berrogeialdian zirelako. Aste honetako partidua ere atzeratu egin diete, arrazoi berberarengatik. Atzeratutako lehen partidua abendu hasieran jokatuko dute, beste ezustekorik ezean.