Neurri murriztaile berriek ez dute eragingo kiroldegiko zerbitzuetan

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 19a, 09:18

Hainbat herritar gimnasio berrian, joan den eguenean.

Aste honen amaiera aldera sartuko dira indarrean Eusko Jaurlaritzak ezarriko dituen neurri murriztaile berriak, tartean edozein jardueratako edukiera %50era mugatzea. Horrek, baina, ez du eraginik izango kiroldegiko zerbitzuetan, edukiera hori baino txikiagoa baitute ezarrita haietan. Bestalde, ezustekorik ezean, eskola kirolak bere horretan segitu eta gaur hasiko da. 

Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaile berriak indarrean sartu ondoren ere, Arane kiroldegiko gimnasioan, igerilekuan zein ikastaroetan orain arteko erabilera maila berbera mantenu ahal izango dute. Kirol teknikari Maria Gallastegik esplikatu duenez, orain arte ere ez dute gainditu edukiera maila hori, beraz, aurrerantzean berdin segituko dute.

Eskola mailako kirola

Bestalde, Jaurlaritzak neurri berriak iragarri zituenetik, zalantza sortu da eskola mailako kirolik egin ahal izango ote den. Bada, oraingoz ez dute kontrakorik esan. Beraz, azken orduko ezustekorik ezean, gaur, astelehena, hasiko da eskola kirolaren 2020-2021. ikasturtea eta eskola mailako gainerako kirolak ere (futbola, esaterako) bere horretan segitu ahal izango dute. 

Edozein modutan, Soraluzeko Kirol teknikariak Gipuzkoako Foru Aldundiari galdetuko dio gaiari buruz. 

Hori bai, litekeena da azarorako iragarritako Frontenis Txapelketa bertan behera laga behar izatea, kasu horri zuzenean eragiten baitie Jaurlaritzako neurri berriek, federatu bako kirol lehiaketa baita hori. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.