Azaroan, Frontenis Txapelketa jokatuko da

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 16a, 08:00
Iazko txapelketako partidetako bat.

Joan den martxoan alarma egoerak eragotzi zuen Frontenis Txapelketa azaroaren 7an eta 8an jokatuko da. Zapatuan, III. Frontenis Txapelketa Mistoa jokatuko dute eta domekan, Emakumezkoen I. Frontenis Txapelketa. Izen-ematea zabalik da; bikoteko 12 euro ordaindu behar da.

Zailtasunak zailtasun eta atzerapenak atzerapen, aurten ere jokatuko da Frontenis Txapelketa. Azaroaren 7-8ko asteburuan jokatuko dute. 

Bi egunotan, goizez eta arratsaldez jokatuko dituzte partidak, Arane kiroldegian. Partidak 22 tantotara izango dira, gehienez, partidako 20 minutuko iraupenarekin. Artengo horiarekin jokatuko dute. 

Lehenengo ligaxka

Emakumezkoen I. Frontenis Txapelketari dagokionez, berriz, inguruko emakumezkoak erakartzeko helburuarekin, bi ligaxka egingo dituzte, bata inguruko emakumeen artekoa eta bestea kanpotik datozenen artekoa. Bi ligaxketako bikote irabazleek elkarren kontra jokatuko dute finala. 

Txapelketetan, mistoan zein emakumezkoenean, 16 urtetik gorako edozein kirolzalek parte har dezakete. Bikoteko 12 euro ordaindu behar da. Izen-ematea zabalik dago: 943 75 24 66 edo kirola@soraluze.eus.  

Bestalde, partidak aurrez aurre ikusteko aukera izango da, kiroldegiko frontoiak duen edukiera muga errespetatuz eta babes neurri guztiak zainduta. 

Hirugarren urtea

Hirugarren urtez jokatuko dute Soraluzen Frontenis Txapelketa, Soraluze, Mugituz! ekimenaren eskutik. Estreinako urtean txapelketa mistoa egin zuten, iaz, umeena eta mistoa eta aurten, emakumezkoena eta mistoa egingo dute. Iaz, helduen txapelketan 18 bikotek parte hartu zuen.