Igerilekuaren erabiltzaile kopurua gora

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 15a, 11:53
Hainbat herritar igerilekuan, gaur goizean, eguena.

Astetik astera, handitzen doa udal igerilekuaren erabiltzaile kopurua. Irailaren 15etik urriaren 11ra bitartean, 813 lagun bertaratu dira. Horietatik 219 lagun azken astean joan dira; urte normal batean izaten den besteko erabiltzaile kopurua da hori. 

Sei hilabetez itxita izan ondoren, irailaren 15ean zabaldu zuten igerilekua. Hasieran, zalantza handiak izan ziren horrekin, pandemia garaia izanda, kezka baitzegoen igerilekura jende gutxi bertaratuko zela. 

Halaxe izan zen lehen egunetan; herritar kopuru txiki samarra bertaratu zen. Baina asteek aurrera egin ahala, kopuru hori handitzen joan da. Iker Aldazabal alkateak emandako datuen arabera, azken astean, urte arrunt baten besteko erabiltzaile kopurua dabil igerilekuan. 

Ikastarorik ez, bakarrik bazkideak…

Hori ez da batere datu txarra, kontuan hartuta pandemia urtean gaudela, ez dagoela umeendako ikastarorik eta igerilekua bakarrik erabil dezaketela kiroldegiko bazkide direnek; bestela esanda, gaur gaurkoz, ezin da igerilekura joan sarrera erosita. 

Hona hemen orain arteko erabiltzaile-datuak:   

  • Irailaren 15etik 20ra 145 lagun
  • Irailaren 21etik 27ra 220 lagun
  • Irailaren 28tik urriaren 4ra 229 lagun
  • Urriaren 5etik urriaren 11ra 219 lagun

Erabiltzaileen profilari dagokionez, berriz, gehienak dira orain arte igerilekua erabiltzen zuten bazkideak. Hori bai, Maria Gallastegi kirol teknikariak esandakoaren arabera, “badaude batzuk lehen etortzen zirenak eta oraindik ez direnak etorri, baina haiek ere, poliki-poliki hasi dira etortzen; gehienak dira nagusiak”. 

Bestalde, hainbat guraso ere joaten dira igerilekura, seme-alabekin. “Gaur, adibidez, 18:30ean, familia oso batek hartu du txanda. Lehen hori asteburuetan gertatzen zen, noizbehinka, orain, aste barruan ere bai”, dio kirol teknikariak.

Murrizketak ordutegian

Igerilekua egunero zabaltzen dute, 08:30etik 20:30ra. Aurten, hainbat murrizketa ezarri dituzte ordutegian: lehen, astelehenetan eta eguaztenetan 07:00etan zabaltzen zuten, orain ordu eta erdi geroago. Bestalde, 14:30etik 15:30era egunero dago itxita, aldagelak garbitzen baitituzte ordutegi horretan. Azkenik, oraingoz, behintzat, udazkenetik udaberrira bitarteko zapatu arratsaldeetan ez dute igerilekurik zabalduko, “baina joango gara egoera aztertzen”, adierazi du alkateak.