Olaldeako Plan Berezia onartuta

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 8a, 09:46

Olako aldapa.

Atzo, eguaztena, bederatzi puntuko gai zerrenda landu eta puntu guztiak aho batez onartu zituen udalbatzarrak. Ez da ohikoa izaten Udal Gobernuaren eta oposizioaren artean halako adostasuna. Are gehiago, alderdi politiko guztiek “poza” erakutsi zuten onartutako hiru punturengatik, batik bat, Olaldeako Plan Berezia onartu zelako. Hori bai, Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak plan horrekiko ñabardura garrantzitsua azpimarratu zuen: epe ertain-luzera begira gauzatuko den plana izango da. 

“Pascual Churruca bai, Olaldea ere bai; horrelaxe esan nuen uztaileko osoko bilkuran eta gaur emango diogu onespena Olaldeako plan berezia gauzatzeko puntuari”. Berba horiekin azpimarratu zuen Iker Aldazabal alkateak herriko “gune degradatu” hura zaharberritzeko plana onartzearen garrantzia eta harekiko adostasuna.

Alkateak gogora ekarri zuen moduan, Santa Ana kaleko udal biltegitik hasi eta Olako zubirainoko esparrua zaharberritzeko plana da Olaldeakoa. Honako jarduera aurreikusten du: 100dik gora etxebizitza eraikitzea (tasatuak, libreak eta babestutakoak), 1.500 m2 egokitzea behe-barru komertzialetarako (300 m2 Udalarendako) eta lurrazpiko 189 garaje (bi solairutan) eta trasteleku eraikitzea. 

"Aurrera eraman behar da"

Horren guztiaren urbanizazioa osatzeko, errepidea ibaiarekiko paralelo egitea eta Errekaldeko oinezkoen zubia ordezkatuko duen zubi berria, Atxuri 21etik abiatuko den zubi berria eraikitzea ere badaude aurreikusita.

Aldazabalek honakoa azpimarratu zuen: “Plana oso anbiziosoa, asmo handikoa da baina aurrera eraman behar da” (…). Honen bitartez, pauso inportantea emango da 2017an onartutako Egitamu Orokorra garatu eta herrian degradatutako gune bat zaharberritzeko”. 

"Zona oso ona etorkizuneko Soraluzen"

Esandako moduan, aho batez onartu zen plan berezia, eta EAJk moduan, plana onartzeagatik “poza” erakutsi zuen baita EH Bilduk ere. Roke Akizu zinegotzi bilkideak azpimarratu zuen eurendako oso pozgarria dela ikustea azkenean aintzat hartu dela Olaldean etxebizitza sozialak ere egitea, eurek aldarrikatu izan duten moduan. 

“Etxebizitza politika sendoa behar da herrian, infra-etxebizitza arazo larria duen jende asko dago eta asko adinekoa da. Etxebizitza sozialen gaiarekin tematu egin zen EHBildu, nahiz eta hasieran ez zen posible ikusten, ez teknikoki eta ezta ekonomikoki ere; baina azterketak egin ostean ikusi da posible dela. Gainera, orain degradatutako esparrua dena, oso zona ona bihurtuko da etorkizuneko Soraluzen. Hala ere, Iker, zuk diozun moduan, Pascual Churruca bai, Olaldea ere bai, ojala hori horrela izatea. Ez dakit ba Jaurlaritza gertu egongo den herri berean horrenbeste milioi euro inbertitzeko”. 

"Ahalegin handia egin behar"

Zentzu horretan, planarekiko baina edo traba bakarra Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak adierazi zuen. Hark ere azpimarratu zuen plana onartzearengatik alderdi guztiak pozik egotea garrantzitsua dela, hiru alderdi politikoek izan baitute Olaldeako Plan Berezia “lehentasun”, baina gaineratu zuen “aldi berean, errealista” izatea komeni dela. 

“Ikuspegi finantzariotik Udalak bakarrik ezin du hau garatu. Ahalegin handiak egin beharko dira finantzazioa lortzeko. PSE-EE pozik dago hiru alderdien adostasunarekin, baina Olaldea epe ertainera, edo are gehiago, epe luzera begirako proiektua da”. Aintzat hartu beharreko datua da Borinagak azpimarratutakoa, batik bat kontuan hartuta Etxebizitza Sailburua alderdikide duen Iñaki Arriola sozialista dela.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.