Urriaren erdialdean abiaraziko da eskola kirola, aldaketa askorekin

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 30a, 10:20

Urriaren 19an hasiko da eskola kirola. Atzo, martitzena, batzarra egin zuten gaia lantzeko. Jakinarazi dutenez, aurten hainbat aldaketa izango dira: ordutegietan, taldeetan eta entrenamenduetan, besteak beste. Datozen egunotan, eskolatik oharra helaraziko dute, aldaketa guztien berri emateko eta izen-ematea abiarazteko. 

Judoa kenduta (kontaktudun kirola baita), herrian egiten diren gainerako eskola kirol jarduerak urrian abiaraziko dira. Horixe izan zen atzoko batzarrean landutako puntuetako bat.

Beste bat izan zen eskola kirolari berari dagokiona. Kasu horretan, urriaren erdialdean hasiko da eskola kirola, aldaketa esanguratsuekin: talde txikiagoak egingo dira, talde bakoitzak astero ordubeteko jarduera besterik ez du izango (bi ordukoa izan ohi da), zapatuetan ez da partidurik jokatuko eta kontaktu bako kirol jarduerak landuko dituzte, begiraleek proposatuko dituztenak. 

Horrez gain, umeek ez dituzte aldagelak erabiliko eta gurasoak ezin izango dira kiroldegira bertaratu eskola kirola egiten ari diren bitartean.

Derrigortasuna dela-eta, ika-mika

Kirol teknikari Maria Gallastegik kontatu duenez, luze jo zuen batzarrak, ia 21:00ak arte. Besteak beste, eztabaida piztu zen eskola kirola egitearen derrigortasunaren harira. Hainbat guraso eta bestelako kirol elkartetako hainbat kide ez dago derrigortasun horrekin ados eta urtero sortu ohi da gaiaren inguruko ika-mika, baita atzo ere. 

Zentzu horretan, Gallastegik jakinarazi du, justu gaur, Gipuzkoako Foru Aldunditik mezua helarazi dietela gogora ekarriz eskola kirola egiteko derrigortasunak indarrean segitzen duela. Bestela esanda, Diputazioak baimendutako bestelako kirol eskoletan parte hartu nahi duten umeek (Soraluzeko kasuan futbol eskolan) derrigor egin behar dute eskola kirola. 

Datozen egunotan, Plaentxi eskolatik oharra bidaliko dute eskola kirolean izena emateko, eta eskola kirolak izango dituen aldaketen berri emateko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.