Gaur erabakiko dute aurten eskola kirolik izango den ala ez

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 29a, 11:08

Gaur, martitzena, erabakiko dute aurten eskola kirola egingo den ala ez. Gai hori lantzeko  batzarra egingo dute kirol batzordeko, guraso elkarteko, eskolako eta umeekin diharduten kirol elkarteetako ordezkariek. 19:00etan da hitzordua, kiroldegian. 

Aurten, eskola kirolari dagozkion jarduerak egiten badira ere, kontaktu fisiko barik, aldagelak erabili barik, talde txikietan, gurasoen presentzia barik, eta bestelako segurtasun eta higiene neurriak zorrotz errespetatuta egin beharko lirateke. Gainera, ezin izango da partidurik jokatu, urtarrilera arte behintzat. 

Horiek dira pandemia dela-eta, eskola mailako edozein kirol jarduerak errespetatu beharreko neurrietako batzuk. Zailtasunak zailtasun, eskola kirolaren bultzatzaileen irizpidea da “ahal bada” aurrera egitea eskola kirolarekin. 

Edozein modutan, aurten, udalerri bakoitzari dagokio erabakitzea eskola kirolarekin zer egin, eta erabaki hori hartzeko batzarra egingo dute gaur iluntzean kiroldegian.